Musika Hamabostaldia
EOS eta Andra Mari abesbatza, elkarrekin
EITBren babesa izango du astearteko kontzertu bereziak. EITB Musikak emanaldia grabatuko du eta irailean Musika Hamabostaldiari eskainiko dioten programan emitituko da.
EITBk ere jartzen du bere ondar alea Donostiako Musika Hamabostaldian, ez bakarrik irailean hainbat kontzertu eskainiko dituen irratsaioa programatuz baizik eta biharko kontzertu berezia babestuz. Berezia da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Andra Mari abesbatza izango direlako kontzertu sinfoniko honen protagonista nagusiak.
Sinfonikoaren txandari ekingo dio berriro Kursaal Auditorioak biharko kontzertuarekin. Euskadiko Orkestrarekin eta Andra Mari Abesbatzarekin batera Ludwig Trio ganbera taldea eta bakarlari hauek arituko dira: Marta Mathéu sopranoa, Marina Rodriguez-Cusí mezzosopranoa, Gustavo Peña tenorra eta José Antonio López baritonoa, guztiak Carlo Rizziren zuzendaritzapean.
Juan Crisostomo Arriagaren "Esklabu zoriontsuak" operaren oberturak emango dio hasera kontzertuari. Beethovenen "Biolin, biolontxelo eta pianorako kontzertua op. 56" partiturarekin izango du jarraipena, eta amaitzeko gerraren zentzugabekeria azpimarratu nahi duen obra bat, Odile Kruzeta EITBren ordezkariak adierazi duenez.
Hain zuzen ere, EITBk gerrak kale gorrian utzi duen jendeari eskaini nahi dio kontzertu hau inspirazio iturri izan dadin berriro ere indarra eta adorea aurkitu dezaten aurrera egiteko.
Kontzertua EITB Musikak grabatuko du eta irailean Hamabostaldiari eskainiko dioten programan emitituko da.