Jaialdia
Kepa Junkerarekin eta Budiñorekin, hasiera Getxo Folk jaialdiari
Gainera, Clannad banda irlandarra, Yacine & The Oriental Groove fusio mediterraneoko taldea eta "Kukai & Lagunak" musika eta dantza ikuskizuna izango dira aurtengo protagonistak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Folk Getxo BBK 29. Nazioarteko Folk Jaialdia ospatuko da igandera bitartean eta guztira 12 saio eskainiko ditu. Lehena ostegunean izango da, Kepa Junkerarekin eta Budiñorekin. Horiekin batera, Clannad banda irlandarra, Yacine & The Oriental Groove fusio mediterraneoko taldea eta "Kukai & Lagunak" musika eta dantza ikuskizuna izango dira aurtengo protagonistak, antolatzaileek adierazi dutenez.
Kontzertu nagusiak gaur hasiko dira, Kepa Junkera trikitilari bizkaitarraren eta Budiño gaita jotzaile galiziarraren eskutik. Ostiralean, musika zeltan eta new age estiloan aztarna gehien utzi dituen banda irlandarra egongo da: Clannad. Larunbatean, Yacine & The Oriental Groove kultura anitzeko banda arituko da Getxon, eta amaitzeko, agertoki nagusiko programa ixteko, "Kukai & Lagunak" ikuskizuna aurkeztuko dute Kukai dantza taldeak eta gonbidatutako artista batzuek.
Arratsaldeko kontzertuetan, ikusleek askotariko programaz gozatu ahal izango dute: Thalassa hirukotea, Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldea, Trivium Klezmer taldea eta Ana Alcaidek tekla biola jotzailea. Munduko Terrazan, Tazzuff taldea eta Getxoko Dead Bronco boskotea arituko dira. Ohikoa denez, saio nagusiak ordaintzekoak izango dira eta gainerakoak, doakoak.
Sarrerak eta kontzertu guztietarako bonuak salgai daude Kutxabanken orotarako kutxazainetan, bere webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefono zenbakian.