Itxi

2013/2014 abonamendua

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak denboraldi berria hasiko du, Gasteizen

Erredakzioa

Astelehen honetan Gasteizko Principal Antzokian hasiko du denboraldi berria Orkestrak. Kontzertuan Stravinkyren Udaberriaren sagaratzea joko dute.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Argazkia: EiTB

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) denboraldi berria hasiko du astelehen honetan, Gasteizko Principal Antzokian. 2013/2014 abonamenduko lehen obra Igor Stravinskyren Udaberriaren sagaratzea izango da. Gainera, emanaldian Judit Jauregi piano-jotzaile donostiarrak parte hartuko du. Kontzertua Andrey Boreykok zuzenduko du.

EOSek azaldu duenez, ekitaldian Pablo Sorozabalen Dos apuntes vascos ere eskainiko dute. Donostiako artistak Alemanian izan zen garaiko obra da eta Euskal Herriko folklorea eta paisaia islatzen dituen lana da.

Judith Jauregi piano-jotzaile donostiarra izango da denboraldi berriko lehen kontzertuko lehen bakarlari gonbidatua. 2011n Mozarten obra batekin jo zuen lehen aldiz Jauregik Orkestrarekin. Oraingo honetan, Beethovenen Piano eta orkestrarako 1. Kontzertua interpretatuko du.

Joan zen maiatzean Udaberriaren sagaratzea obra lehen aldiz Parisen estreinatu zutenetik lehen mendeurrena bete zen. Partiturak 117 musikari eskatzen ditu eta, hortaz, EOSeko 80 musikariez gain, Musikeneko beste 37 arituko dira agertokian.

Orkestrak bere kontzertuetan musika eta literatura uztartzea helburu duen denboraldi honetan, Andrey Boreykok Igor Stravinskyren oroitzapen liburuko zati bat irakurriko du errusieraz; horretan konpositoreak Sagaratzearen estreinaldian gertatutakoa jasotzen du. Obraren interpretazioaren atarikoa izango da.

EOSen lehen kontzertu hau Iruñeko Baluarten izango da urriaren 8an; Bilboko Euskalduna Jauregian, hilaren 11n; eta Donostiako Kursaalen, 12an.