Itxi

24 ordu bahituta

Deloreaneko musikariak askatu dituzte, Mexikon bahituak izan ostean

Erredakzioa

Lau musikariak Mexiko Hirian askatu dituzte. Zarauztarrak 'Apar' disko berria aurkezteko bira egiten ari ziren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Delorean taldeko lau musikariak aske utzi dituzte, Mexikon bahiketa birtual baten biktimak izan ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Mutek jaialdian parte hartzen ari zen Delorean Mexikon, Apar disko berria aurkezteko biraren baitan. Segurtasun Sailak azaldu duenaren arabera, bahitu eta eraman egin zituzten.

Bahiketa astelehen goizean izan zen. Ezezagun batzuek musikariak hoteletik irtenarazi zituzten, engainatuta, eta toki ezezagun batera eraman zituzten, Segurtasun Sailaren esanetan.

Europa Press agentziak kaleratutako datuen arabera, bahitzaileek telefono dei baten bidez irtenarazi zituzten taldeko kideak hoteletik, Mexikoko Polizia agenteak zirela esanda. Antza denez, hotelean tiroketa bat hastear zela esan zieten bahitzaileek Igor Escudero, Guillermo Astrain, Unai Lazcano eta Ekhi Lopetegi Delorean taldeko kideei.

Beraz, segurtasun arrazoiak argudiatuta, hoteletik irtenarazi eta beste hotel batera joateko argibideak eman zizkieten.

Ondoren, baina, bahitzaileak Mexikoko Los Zetas karteleko kide gisa identifikatu zirela zabaldu dute hainbat agentziak. Antza denez, musikariak kontrolpean izan eta senitartekoei erreskatea eskatzea zuten mehatxu horrekin helburu.

Musikarietako baten telefonoa erabili zuten bahitzaileek senitarteko batekin harremanetan jarri eta bahiketaren berri emateko. Halaber, taldeko kideak aske uzteko baldintzak ere azaldu zizkioten telefono bidez.

Aske utzi dituzte

Deia jasota, taldeko kide baten familiak gertatutakoa salatu zuen Ertzaintzaren egoitza batean, eta, jarraian, Ertzaintzako eta Polizia Nazionaleko agenteek osatutako taldea sortu zuten, Mexikoko Poliziarekin koordinatu eta musikariak aske uzteko. Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko unitatea, Polizia Nazionalaren Delinkuentzia Espezializatuko unitatea eta Mexikoko Polizia elkarlanean aritu dira Delorean taldeko kideak aske uzteko. Interpolek ere hartu du parte operazioan.

Ikerketa horri esker, astearte honetan, Mexikon 14:30 zirenean, lau musikariak bahituta zituzten tokia aurkitu dute agenteek, eta bertan sartu dira. Lau musikariak ''onik'' daude, ikerketako iturriek Efe agentziari emandako datuen arabera.

''Ez dugu erreskaterik ordaindu''

Delorean taldeko kideak inolako erreskaterik ordaindu gabe geratu dira aske, Fernando Lopetegi taldeko abeslariaren aitak ETB1eko 'Airean' saioan argitu duenez. ''Goizean ordainketa egitera joan gara banketxe batera. Baina ordaindu gabe lortu dugu aske geratzea''.

Delorean taldeko gertuko iturriek Efe agentziari jakitera eman diotenez, Mexikotik itzultzen direnean prentsaurrekoa eskainiko dute musikariek. Baliteke asteazken honetan bertan heltzea etxera.

Bahiketa birtuala

Mexikoko Gobernuak baieztatu duenez, bahiketa birtuala izan da Delorean taldekoek jasan dutena, eta musikariek ez dute harreman zuzenik izan bahitzaileekin.

Hego Amerikan egin ohi duten
bahiketa mota da birtuala. Beren burua bahitzailetzat aurkezten duten pertsona batzuek biktima engainatzen dute, telefono bidez, eta, mehatxatuz, nonbait ezkutatuta gelditzea lortzen dute. Bitartean, senideei dirua eskatzen diete, bahituta dagoela uste duen hori askatzearen truke.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)