Mexikon bahitu dituzte
Delorean taldeko abeslariaren aita: 'Ez dugu ordainketarik egin'
E.A. | eitb.com
'Airean' saioan egin duen elkarrizketan, Fernando Lopetegik argitu du bahitzaileek erreskatea eskatu zietela. Delorean taldeko kideak, baina, aske utzi ditu Poliziak, familiek dirurik ordaindu gabe.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Delorean taldeko kideak inolako erreskaterik ordaindu gabe geratu dira aske, Fernando Lopetegi taldeko abeslariaren aitak ETB-1eko 'Airean' saioan argitu duenez.
''Hotelera sartu eta gizon armatu batzuek eraman zituzten, astelehen goizaldean. Geroztik bi lekutan eduki dituzte'', esan du Ekhi Lopetegiren aitak. Orain Mexikoko enbaxadan daudela argitu du aitak, eta onik daudela azpimarratu du.
Mexikon bahiketa birtual baten biktima izan dira Igor Escudero, Guillermo Astrain, Unai Lazcano eta Ekhi Lopetegi Delorean taldeko lau musikariak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, segurtasun zaintzaile gisa jantzita zihoazen gizonezko batzuek musikariak hoteletik irtenarazi zituzten, engainatuta, eta toki ezezagun batera eraman zituzten. Han sakelako telefonoak kendu zizkieten eta giltzapetuta utzi zituzten.
Fernando Lopetegik ETBn azaldu duenez, diruagatik bahitu dituzte. ''AEBko managerrari milioi bat dolar eskatu zizkioten'', azaldu du. Familiako kideak ere ''estutzen'' ibili direla, baina eskatutako erreskatearen zenbatekoa jaistea lortu zutela azaldu du.
''Goizean ordainketa egitera joan gara banketxe batera. Baina ordaindu gabe lortu dugu aske geratzea'', azaldu du Delorean taldeko abeslariaren aitak. Hala, bahiketa inolako ordainketarik gabe bukatu dela baieztatu du Lopetegik.
''Polizia sartu eta askatu egin ditu'', berretsi du, baina bahitzaileak harrapatzea lortu ez dutela azaldu du. Lopetegik adierazi duenez, bahiketa bereziak izaten dira hauek. ''Bahitzaileak ez dira bertan egoten; inguruetan zaintzen geratzen dira. Bahituak, berriz, gela batean'', azaldu du.
Azken orduak gogorrak izan direla azpimarratu du Lopetegik. ''Niri tokatu zait familiaren aldetik negoziatzea, eta gogorra izan da'', esan du.
Halaber, behin musikariak aske zeudela, bahitzaileen azken dei bat ere jaso duela argitu du. Ekhiren aitak, baina, ez die telefonoa hartu. ''Nahikoa entzun dut egun hauetan'', gaineratu du.
Taldeko kideekin hitz egitea lortu dutela eta, bira bertan behera utzita, etxera etorriko direla baieztatu du Lopetegik.