Itxi

Zikloa

Musika Hamabostaldiaren 75. edizioan opera mantenduko dute

Erakundeek diru-ekarpen handiagoa egin dute, eta, horri esker, opera, balleta eta "programazio zabalagoa" izango da aurtengo edizioan.

Hamabostaldiko ordezkariak, 75. edizioaren kartelarekin. Argazkia: EFE

Donostiako Musika Hamabostaldiak erakundeen diru-laguntza gehiago jaso ditu, eta, horri esker, opera, balleta eta "programazio zabalagoa" izango da 75. edizioan.

Patrick Alfaya Hamabostaldiaren zuzendariak adierazi du opera "salbatu" egin dutela. Iaz aurrekontua jaitsi behar izan zuten, eta horrek zalantzan jarri omen zuen aurten emanaldi horiek egiteko aukera, baina horrekin ere gozatzeko aukera eskainiko dute azkenean.

Aurten, Hamabostaldiak 375.000 euroko diru-laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren eskutik, eta 360.000, Gipuzkoako Foru Aldundiarenetik. 2013an baino 377.000 euro gehiago dira, iaz 341.000 euroko laguntza ematen baitzuten.

Ekarpen horiei esker, programazioa zabaldu eta "gauza gehiago" eskaintzeko aukera izango dutela esan dute antolatzaileek, baina Kursaalen ez omen dira emanaldi gehiago izango, "horrek gastuak asko igoko lituzkeelako".

Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrenean ez da gai bat izango, urteurrenari eman nahi diotelako protagonismoa. Kartelaren diseinatzaileek ere horretan jarri dute arreta.

TGA+Asociados estudio donostiarrak egin du 75. edizioaren kartela, zuri-beltzean, eta nota bakar bat erakusten du pentagrama batean: "Anbiguotasunik gabekoa da, linea grafiko argiarekin eta sendoarekin", adierazi du Txema Garcia sortzaileetako batek.

Kartelak "Hamabostaldiaren funtsa jasotzen du, musika", egileen arabera, eta pentagrama bat eta nota bat aukeratu dituzte hori islatzeko.