Heriotza
Claudio Abbado orkestra zuzendari italiarra hil da
Erredakzioa
Berlingo Orkestra Filarmonikoko zuzendaria izan zen, Herbert von Karajan zenaren ostean, eta oso lan gogorra egin zuen musika klasikoa zabaltzeko.
Claudio Abbado orkestra zuzendari italiarra, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren eta Scala (Milan) eta Staatsope (Viena) antzokietako zuzendari musikala izan zena, hil da gaur, Bolonian, 81 urte zituela.
Iazko abuztuaren 30ean, Abbado bizi bitarteko senatari izendatu zuten Italian, eta horregatik ematen zioten diru saria Fiesole herri txikiko musika eskolari ematea deliberatu zuen, bizitza osoan musika klasikoa zabaltzeko asmo sendoa izan zuen erakusgarri.
Claudio Abbado Milanen jaio zen, 1933ko ekainaren 26an, eta musikak inguratuta hazi zen, aita biolin-jotzaile eta musika eskolako irakasle eta ama piano-jotzailea zirenez gero.
1958an, orkestra zuzendari jarduten hasi zen, Triesten, eta gero, 1968an, Scala Milango antzokira joan zen zeregin horretara, 1986 arte. Artean italiar antzoki mitikoan zegoela, Londresko Orkestra Sinfonikoko (1979-1989) eta Vienako estatu operako (1986-1991) gidaria ere izan zen.
1989an, Herbert von Karajan zenaren lekukoa hartu zuen Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendaritzan, eta 2002ra arte aritu zen zeregin horretan.
Abbado zuzendari "iraultzailetzat" daukate Italian, gogor jardun baita musika klasikoa besteak beste kartzeletara eta umeen ospitaleetara eramateko; izan ere, haren ustez, "musika heziketa giza heziketa baita funtsean".
2010ean, Simon Bolivar Venezuelako gazte orkestra zuzendu zuen, eta Gustavo Dudamel venezuelar zuzendari gaztearen ibilbidea sustatu zuen harrezkero.
Sari asko eta asko jaso ditu, ibilbide luzean, Italian, Frantzian, Espainian eta beste herrialde askotan.