Kontzertua
Extreme rock taldeak Bilbon joko du ekainaren 28an
Erredakzioa
Bostondarrek "Pornograffitti" diskoa goitik behera joko dute Bizkaiko hiriburuko kontzertuan, eta, bertako kantu arrakastatsuen bidez, metalaren eta funkaren arteko nahasketa berrituko dute.
Extreme AEBetako taldea Bilbon izango da zuzenean, ekainean, Extreme II: Pornograffitti 1990eko diskoko, inoiz atera duten lanik biribileneko, kantu guztiak jotzeko. Besteak beste, "More than words" balada sano ezaguna biltzen da lan horretan, baina baita kantu biziagoak ere, hala nola "Decadence Dance" eta "Get the Funk Out".
Gary Cherone (ahotsa), Nuno Bettencourt (gitarra), Pat Badger (baxua) eta Kevin Figueiredo (bateria) kideek osatzen duten laukoteak beste disko batzuetako kantuak joko ditu, noski, eta Saudades of Rock 13 urteko etenaldiaren ostean atera zuten diskoa ere birpasatuko du, seguru asko. 2008an ateratako lan horrek nahiko ahogozo atsegina utzi zien jarraitzaileei, nahiz eta, etenaldi oso luze baten ostean etorri zenez gero, beldurrez ikusten zuten askok itzulera.
Hain zuzen ere, Extremek ekainaren 28an joko du Bilbon, Santana 27 aretoan, eta sarrerak urtarrilaren 31tik aurrera erosi ahalko dira, Ticketmasterren.