Itxi

Donostiako jazzaldia

Ray Davies, Bobby McFerrin, Chick Corea eta John Scofield, Jazzaldian

Erredakzioa

McFerrin, Chick Corea, Stanley Clarke eta Dave Holland donostiar jaialdiko aspaldiko lagunei Ray Davis rock musikari zaharra, The Kinks britainiar talde mitikoaren abeslaria, batuko zaie aurten.

Donostiako 49. Jazzaldiak Bobby McFerrin, Chick Corea, Stanley Clarke, John Scofield eta Dave Holland maisu handiak hartuko ditu uztailean, eta Ray Davis batuko zaie horiei, The Kinks britainiar talde historikoko abeslaria.

Halaber, Muhal Richard Abrams, Enrico Rava, L'Ochestre d'Hommes-Orchestres, Wadada Leo Smith, Ibrahim Electric eta René Marie ere igoko dira Donostiako agertokietara udan, uztailaren 23tik 27ra.

Jazzaldiak astearte honetan iragarri ditu programako lehen izenak. Aurreko ekitaldietan bezala, musikak Trinitate plaza, Kursaaleko entzunaretoa, Victoria Eugenia antzokia, San Telmo museoa, Zurriolako hondartzako Agertoki Berdea eta Kursaaleko terrazak hartuko ditu.

Jazzaldiko antolatzaileek esan dutenez, "iragarpen garrantzitsuak" falta dira kartela osatzeko.

Chick Corea pianista eta Stanley Clarke baxu-jotzailea, Return to Foreverren ibiltakoak, bikote gisa helduko dira aurten Donostiara; John Scofield, berriz,  Überjam bere taldearekin, eta Dave Holland baxu-jotzailea Prism proiektuarekin.

Ray Daviesek 1963an hasi zuen ibilbidea The Kinksekin, eta egun, 69 urte dituela, publiko gaztea hari begira jarri da ostera ere; Glastonury jaialdian arrakastaren bitsetan ibili zen, esaterako.

Bobby McFerrin eta horren berezkoak dituen ahots-jokoak Donostian izango dira berriz ere. "Spirityouall" ikuskizunean, musika beltz espiritualeko klasikoak berrasmatzen ditu.