CD eta DVD berria
Fito y Fitipaldisek 'En directo desde el Teatro Arriaga' aterako du
Erredakzioa
Bilbotar musikariak 'hiriko' antzokian bira amaitzeko eskaini zituen bi kontzertuetako kantuak bildu ditu lanean. Bizkaiko Elikagaien Bankurako izan zen emanaldiotan bildutako diru guztia.
Fito & Fitipaldisek En directo desde el Teatro Arriaga CD-DVDa merkaturatuko du martxoaren 4an. Antzoki horretan musikari bilbotarrak eman zituen ongintzazko bi kontzertuetan grabatu zuten diskoa, eta digipack formatuan erosi ahalko da (bi CD eta DVDa). Zale sutsu eta azkarrenek formatu berezi mugatua eskuratu ahalko dute: hiru binilo, bi CD, DVD bat eta kantuak formatu digitalean.
Bi kontzertu horiek Estatu osoko antzoki eta entzunaretoetatik emandako bira berezia burutzeko modu dotorea izan zen Fito & Fitipaldis taldearentzat.
Last Tour International proiektuaren sustatzaileak azaldu duenez, bira hau hainbat urtez ibili du buruan Platero y Tu taldeko abeslari ohiak, eta, bertan, "bilbotar artista publikoarekin lortu nahi zuen gertutasun eta intimitate puntura iritsi zen".
Ondorioz, zuzeneko lan hau taldearen kantuak inoiz ez bezala entzuteko "aukera paregabea" izango da: konponketa berriak igartzen dira, baina kantuek betiko estiloa gordetzen dute.
Fito & Fitipaldisek Arriaga Antzokian eman zituen bi kontzertuak "oso hunkigarriak" izan ziren, Fitoren hitzetan, 49 kontzertuko ibilbidea ixteko "modu berezia" izan zen. Gainera, bildutako diru guztia Bilboko Elikagaien Bankuaren esku jarri zuten. Guztira, 97.612 euro eskuratu zituen elkarte horrek, emanaldiei esker.
"Luxuzko bira"
Fito Cabralesen hitzetan, "bizitzan, batzuetan, luxu batzuk aitortu behar dizkiozu zeure buruari, har batzuk ase, eta, guretzat, antzokietako bira hau horixe izan da: musikarien gutizia, abagune aparta".
"Hasiera-hasieratik, kantuekin jolasteko asmoa genuen, soinua aldatu, eta, bide batez, azkenaldian bira elektrikoetan zokoratu ditugun hainbat kantu berreskuratu", azaldu du musikariak.
"Bilbon, etxean, grabatu dugu diskoa, gainera, musikari guztien ametsetako tokian, Arriaga Antzokian. Ezin dut amaiera hoberik otu. Tira, bai: bildutakoa Elikagaien Bankuko boluntarioek egiten duten lan ikaragarriari laguntzeko erabili", esan du Fitok.