Itxi

Kontzertuak

Zuzeneko musikagatik bildutakoa % 28 jaitsi da Estatuan urtebetean

Erredakzioa

BEZaren igoerak markatu duen urtean, Ogasunak ere diru gutxiago bildu du: duela urtebete baino 29 milioi euro gutxiago jaso dituzte erakunde publikoek,

Espainiako Estatutan, % 28, 6 jaitsi da zuzeneko musika emanaldietan bildutako diru kopurua 2012ko irailetik 2013ko abuztura, 'V anuario de la Música en Vivo' Madrilgo Musika Promotoreen Elkartearen urtekariak azalatzen duenez.

Publikazioaren arabera, 2011ko irailetik 2012ko abuztura 206 milioi euro bildu ziren, eta 2012tik 2013ra 147 milioi. Datu horrek argi erakusten du, APM promotoreen elkartearen ordezkarien esanetan, BEZa % 21era igotzea kaltegarria izan dela.

Horren ildotik, datu are deigarriagoa eman dute: Ogasunak berak zergatan aurreko urteetan baino diru gutxiago jaso duela erakusten dute datuek. 29 milioi euro gutxiago bildu ditu, eta, hartara, "gehiago biltzeko asmoz eginiko igoerak kontrako emaitza ekarri du".

Gainera, programazioa % 10,6 jaitsi da urtebeteko epe honetan, SGAEk emandako datuek diotenez.

1.200 lanpostu gutxiago

INE Estatistika Institutu Nazionalak emandako datuek diotenez, kultur arloko lanpostuen zenbatekoa 488.700etik 457.000ra pasatu da, 2006ko mailara itzulita. APMko eledunen arabera, 300 agentzia itxi dituzte, eta 1.200 bat lanpostu galdu dira zuzeneko musikaren esparruan.

Jaialdien "oasia"

Zuzeneko musikaren idortasunean jaialdiak "oasia" badira ere, horiek ere "sufritzen ari dira" eta BEZaren igoeraren ondorioak pairatu dituzte; izan ere, musika ekitaldietako ostalaritza zerbitzuen gaineko zeharkako zerga ere handiagoa da orain.

Jaialdien artean, Bilbao BBK Livek, esaterako, 17,5 milioi euro uzten ditu inguruan, 2012ko datuek diotenez. Euskal Herritik kanpo, Primavera Soundek 65 milioi euro uzten ditu Bartzelonan, Sonarrek 52 milioi eta SOS 4.8k 20 milioi Murtzian.