Kontzertua
Roger Hodgson Supertrampeko ahotsa, Kursaalen ekainean
Erredakzioa
Supertramp talde progresiboa sortu zuen gizonak talde horren kantarik arrakastatsuenak ekarriko ditu Donostiara. Sarrerak ostegun honetatik, martxoak 20, aurrera egongo dira salgai.
Roger Hodgson, hainbat kritikariren arabera kantari, egile eta idazle garaikide onenetako bat, Supertramp talde progresiboko ahotsa izan zen, eta 60.000.000 disko saldu dituen taldearen kantu arrakastatsu gehienak sortu zituen, hala nola "Breakfast in America", "The Logical Song", "Give a Little Bit", "Take the Long Way Home", "Dreamer", "School", "It's Raining Again", "Fool's Overture" eta beste asko. Askoren bizitzako soinu bandan ezinbestean agertzen diren kantu horiek joko dituzte Hodgsonek eta haren taldeak Donostian.
1969an, Hodgsonek Supertramp taldea sortu zuen, eta 14 urtez aritu zen bertan. Supertrampen arrakasta eraiki zuten klasiko asko idatzi eta kantatu zituen epe horretan. Oraintsu, Hodgsonek ASCAP AEBko Konposatzaile, Egile eta Editoreen saria jaso du, bertako errepertorioan gehien interpretatzen diren kantuetako batzuen egile gisa.
Artistak eta harekin batera biran dabilen taldeak ekainaren 6an eramango dute Kursaaleko agertokira arrakasta ugari duen errepertorioa, Supertrampen zaleen gozagarri. Sarrerak ostegun honetan, martxoak 20, jarriko dituzte salgai, Kutxabank sarean, 42, 45 eta 50 euroan (gehi banaketa gastuak).