Saria
Adarra saria Mikel Laboarentzat, haren ibilbidea omentzeko
Erredakzioa
Ekainaren 21ean emango diote saria, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Donostiako antzokian, eta Marisol Bastida haren alargunak jasoko du.
Mikel Laboa duela bost urte hil zen euskal musikari handiak jasoko du lehen Adarra saria, Donostia Kulturak euskal musikaren esparruan "eragin berezia” izan duten edo izaten ari diren artisten ibilbidea omentzeko aurten sortu duen goraipamena..
Donostiako Udaleko kultur patronatuak “Mikel Laboa zenaren sormena eta jeinua” aintzat hartu du, "euskal musikak XX. mendean izan duen adierazpiderik gorena" baita.
"Haren nortasuna, haren lana, haren sormena, bete-betean sartzen dira sari honen irabazle 'ideala'rentzat zehaztutako ezaugarrietan", dio Donostia Kulturaren oharrak.
Saria, Marijose Recalde nafar artistaren eskultura bat, ekainaren 21ean emango diote, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Donostiako antzokian, eta Marisol Bastida haren alargunak jasoko du.
Ekitaldiaren lehen partean, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero musikariak, Ainara Ortega kantaria eta Kukai dantza-taldea arituko dira. Saria eman ondoren, Delorean taldeak jardungo du bigarren partean.
Mikel Laboak 80 urte beteko zituen sariketaren eguna baino astebete lehenago, eta egilearen "originaltasunak, nortasun artistiko sendoak eta aparteko ahotsak herri kulturaren mito bilakatu dute, belaunaldien arteko hesiak gaindituz eta herri honen historian leku nabarmena erdietsiz betiko", Donostia Kulturak azpimarratu duenez.
"Euskal kultura biziberritzeko ahaleginean jardundako Ez Dok Amairu mugimenduaren kide aktiboenetakoa izan zen, beti ere euskara berreskuratu eta haren egoera duintzeko helburuari eutsiz. Tradiziotik hartutako abestiei sentikortasun handiko poesia eta esperimentatzeko joera erantsi zien Laboak eta horrek garaiko abeslariek zuten estilo bereizgarriaren jabe egin zuen. Bide berriak urratzen zekien, aitaren etxera zeramana inoiz ahantzi gabe. Agerikoa da ondorengo belaunaldietan utzitako arrastoa, egiazki artista gutxi izan dira hain maitatuak euskal gazteen artean", erantsi dute.