Itxi

Flamenkoa

Iruñea sutan jarriko du abuztuan Flamenco On Fire jaialdiak

Erredakzioa

Abuztuaren 26tik 31ra, flamenkoaren ikurretako asko Nafarroako jaialdian batuko dira, Sabicas iruindar maisua gogoan: Sara Baras, Tomatito, Jose Merce...

Tomatito abuztuaren 27an izango da Iruñean.

Iruñea flamenkoaren hiriburua izango da abuztuaren 26tik 31ra, Flamenco On Fire jaialdia dela eta. Gitarra jotzeko teknika goitik behera aldatu eta bere artearekin mundua zur eta lur utzi zuen artista baten omenez egingo dute jaialdia: Agustin Castellon Campos Sabicas iruindarra.

Bi agertokitan, Baluarte jauregian eta Ziutadelan, arte flamenkoaren erakusgarri handietako asko batuko dituzte.

Flamenco On Fire abuztuaren 26an hasiko da, asteartearekin, 22:00etan. Sara Baras bere Ballet Flamenkoarekin batera arituko da egun horretan, Baluarteko Areto Nagusian, "Medusa, la guardiana" ikuskizuna aurkezten.

Biharamunean, abuztuaren 27an, Tomatitok, gitarra flamenkoak inoiz izan duen maisu handienetako batek, hartuko du Areto Nagusiko oholtza. Seikote baten buru izango da almeriar musikaria "Soy Flamenco" ikuskizuna aurkezten.

Ostegunean, hilak 28, bi ahots nabarmen izango dira Iruñean. 19:30ean, Arcangel flamenko abeslaria Ganbara Aretoan izango da, flamenkoaren bere ikuspegi ausarta erakusten. Haren ostean, 22:00etan Areto Nagusian, Jose Merce izango da, ahots boteretsu eta errespetatuenetako bat. 17 disko baino gehiago argitaratu ditu Cadizekoak, eta, besteak beste, Louis Armstrong eta Pablo Milanes izan ditu ondoan bere ibilbidean.

Asteburuarekin batera, abuztuaren 29an, Niña Pastorik "Lo que quiere el alma" ikuskizuna aurkeztuko du. Diego el Morao gitarra izango du alboan bere ibilbidea luze eta zabal errepasatzeko.

Larunbatean ere, proposamen bikoitza egin dute antolatzaileek. Lehenengo emanaldian Pepe Habichuela eta Josemi Carmona aita-semeak arituko dira. Haien ostean, 22:00etan Estrella Morente agertuko da, "Autorretrato" 2013an Grammy Latinoa irabazteko hautagai izan zen diskoa aurkezten.

Azkenik, Flamenco On Fire jaialdiaren azken egunean, 19:30ean "Con Carmen Amaya en la memoria" ikusi ahalko da. Azkenik, sei eguneko egitaraua ixteko, Kiko Veneno, Tomasito eta Soleá Morente y los Evangelistas egongo dira, 21:30ean, Ziutadelan.

Sarrerak prezio berezietan (15-40 euro) eros daitezke ekainaren 1era arte, betiko bideak erabiliz: Baluarteren webgunea, jauregiko leihatilak, Ticketmaster sarea eta 902 15 00 25 telefono zenbakia.