Itxi

Aintzatespena

Gipuzkoako Foru Aldundiak Benito Lertxundiri emango dio Urrezko Domina

Erredakzioa

"Bere ibilbidean lurraldeari eman dion guztia" hartu du kontuan Foru Gobernuak, goraipamen honen bitartez Benito Lertxundi kantautoreak egindako lana aitortzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldeko goraipamen gorena, Benito Lertxundi oriotar kantari eta konposatzaileari ematea erabaki du, euskal musikaren, kulturaren eta euskararen alde egindako lanagatik.

Larraitz Ugarte foru bozeramaileak izendapenaren berri emateko prentsaurrekoan argitu duenez, ekainaren 12an emango diote saria Lertxundiri.

Bost hamarkada, mende erdi, baino gehiago daramatza Lertxundik (Orio, 1942) kantagintzari emanda, eta urte horietan guztietan makina bat disko argitaratu ditu: Oro laño mee batek (1974), Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977), Pazko gaierdi ondua (1989), Hitaz Oroit (1996)...

Maitasun eta protesta hitzak, tradizioa, folklorea, gai epikoak, euskal poeten jarduna eta berak asmatutako istorioak jantzi ditu musikaz Lertxundik ibilbide luzean. Ez dok Amairu taldeko kide ere izan zen, beste hamaika euskal sortzailerekin batera.

2013an, Nestor Basterretxea artistak jaso zuen Urrezko Domina.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)