EHZ
Azken txanpan sartu da Euskal Herria Zuzenean jaialdia
Erredakzioa
Lapurdiko Lekorne udalerrian hasi zen festa ostiralean, eta atzo eguraldiarekin arazoak izan arren, aurrera egitea erabaki dute antolatzaileek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ostiralean hasi eta gaur amaituko da Euskal Herria Zuzenean jaialdi lapurtarraren 19. edizioa. Lekornen ospatzen den hiru eguneko festak kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak hartu ditu asteburu osoan zehar, eta gaurko Elkartasun Egunak emango dio amaiera.
Atzo, larunbata, eguraldi txarrak programa moldatzera behartu zituen antolatzaileak, baina festa goizalderarte luzatu zen. Gaurkoa 'Elkartasun Eguna' izango dela adierazi dute jaialdiko kideek, eta "famili artean, lagunekin eta auzokoekin" gerturatzeko deia egin dute.
"Laguntzaileek dena egiten dugu festibala aitzinera eramateko, EHZren biziraupena jokoan da", nabarmendu dute antolatzaileek. 700 boluntario inguru ditu jaialdiak, guztia kontrolpean izateko.
Goizeko 10:00tan ireki ditu ateak jaialdiak, eta tailerrak, bideo emanaldiak eta kontzertuak izango dira nagusi gauerdira arte. Ruper Ordorika (15:30ean) eta Esne Beltza (19:20an) izango dira eguneko izarrak Lekorneko Garro gazteluan.
Gainera, autodeterminazio bidean diren herrien esperientziak landuko dira gaur, Eskozia eta Kataluniaren adibideetatik abiatuta.
Bertara hurbiltzeko arazoak saihestu eta autoa baliatu behar ez izateko, sei autobus linea ezarri dituzte antolatzaileek: barnealdetik, Baionatik, Hendaiatik, Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Nafarroatik.
Aurten, espazioa gehiago baliatu dutela azaldu dute, eta horretarako, Donostiako Piratekin eta Gora Iruñearekin elkarlanean eginiko bi txosna ezarri dituzte. Janariari dagokionez, guztia biologikoa edo bertakoa izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta joan den urtean haurren txokoak izan zuen arrakastari begira, aurten bi egunetan irekia izango dela eta animazioak ere eskainiko dituela zehaztu dute.