Itxi

1965etik 1967ra

Jimi Hendrixen musikaren erroak azaleratzen

Erredakzioa

Jimi Hendrix gazte-gaztea zeneko ia ehun grabazio argitaratuko dituzte aurki, musikariaren oinordekoek eta Legacy Recordings diskoetxeak hitzarmen bat lotu eta gero.

Hainbat hamarkadatan eztabaidan eta liskarretan aritu eta gero, Experience Hendrix LLCk, musikariaren ondorengoek kudeatzen duten enpresak, eta Legacy Recordings haren kantuen eskubideak dituen diskoetxeak akordio bat adostu dute, Jimi Hendrixen hastapenetako grabazioak argitaratzeko.

Hain zuzen ere, laster zabalduko direnak 1965 eta 1967 urteen artean grabatutako saioak dira; Curtis Night & The Squires R&B taldeko kidea, gitarrista zen, Hendrix orduan.

Curtis Knight & The Squires taldearen 88 grabazio dira guztira akordioan sartutakoak, nola zuzenekoak hala estudiokoak. Eddie Kramerrek, Hendrixek alboan izan zuen teknikariak, gainbegiratuko ditu zinta guztiak, Legacy Recordingsek hurrengo hiru urteetan merkaturatu aurretik.

Hendixek estudioan denetariko artistak laguntzen, saio-musikari gisa, lan egiten zuen garaiko grabazioak dira denak. 1967an atera zuen gitarrista ezkerrak lehenengo diskoa, “Are you experienced”.