Itxi

Musika Hamabostaldia

'La Bohème' Musika Hamabostaldira bueltan, 42 urte geroago

Erredakzioa

Pucciniren operaren "bertsio oso fidela izango da, kantarien ahotsen artean oreka handia duena". Hilaren 15ean eta 17an taularatuko dute, Kursaalen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

La Boheme duela 75 urte estreinatu zuten Donostiako Musika Hamabostaldian, jaialdiaren lehen edizioan, eta beste dozena bat aldiz programatu dute antolatzaileek harrezkero, azkenekoz 1972an. Aste honetan, Pucciniren opera bueltan da, "ahots oso orekatuekin", Parisko XIX. mendeko bohemioak dakartzan bertsioan.

Ahots nagusiak Gal James soprano israeldarrak (Mimi) eta Girdano Luca tenor italiarrak (Rodolfo) jarriko dituzte, eta Elena de la Merced eta Davic Menendez Musetta eta Schaunard izango dira. Patrick Alfaya Donostiako jaialdiko zuzendariak esan duenez, "oso ondo uztartzen dira ahotsok elkarrekin, eta hori ez da beti hala izaten, nahiz eta ahotsak oso onak izan".

Kasu honetan, Valentziako Arteen Jauregiaren ekoizpena ekarri dute Donsotiara, Davide Livermore eszena zuzendariak gidatuta. Abuztuaren 15ean eta 17an igoko dira agertokira, Kursaalen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera.

2012ko abenduan, Valentzian estreinatu zutenean, Riccardo Chailly izan zen zuzendaria, baina Donostian Jose Ramon Encinar izango da emanaldiaren buru. Garrantzi handiena musikari emanik ere, "antzerkiaren pisua" ere zaindu nahi izan duela esan du Encinarrek.

Horren esanetan, "produkzioak fideltasun handiz jarraitzen dio jatorrizko libretoari, eta ederra da, poesia maila handikoa".  Gainera, ahots "oso homogeneoak" daude, eta Livermorek "eszenografia lan handia egin du, elementu mugikorrak erabiliz". Izan ere, agertokian "irudi mugikorrak egongo dira, Frantziako margolari espresionisten lanak eta Vincent van Gogh haien ondorengoarenak".

Bi emanaldiok 300.000 euroko kostua izango dutela aurreratu du Alfayak, baina Hamabostaldiaren zenbakiak, dena dela, "maila seguruan" daude, ia sarrera guztiak saldu baitira.

Ainhoa Artetaren baja

Alfaya eta Encinarrekin batera, Easo Eskolaniako eta Andra Mari Abesbatzako kideak egon dira aurkezpenean, baita Gal James eta Giordano Luca ere, Ainhoa Artetaren eta Teodor Llincairen, hasieran aurkeztu zituzten kantarien, ordez La Bohemen arituko diren abeslariak.

Biak oso pozik agertu dira proiektuan parte hartzen ari direlako. Tenorraren iritziz, opera "eder eta dramatikoa da, gogokoen ditudanetako bat, inondik ere". Lucaren ustez, partitura "oso zaila da kantariontzat", baina oso gustura" dago Rodolforena egiten.

Oso litekeena da duela 42 urteko gertakariak ez errepikatzea. Orduan, ordu erdi berandu hasi zen opera, Espainiako eta Costa Ricako Atzerri ministroak ez baitziren garaiz iritsi. Publikoak oihuka hartu zituen.

Bideoak (1)