Itxi

Kontzertua

BEC, Elton Johnen zain

Erredakzioa

Musikari britainiarrak 12.000 lagunentzako kontzertua emango du BECen igandean, erakustazokaren 10. urteurrena dela eta. 21:00etan hasiko da emanaldia

Elton John. Argazkia: Efe.

Elton John britainiar musikari mitikoa Bilbao Exhibition Centerren izango da igandean, azaroak 2, Bizkaiko erakustazokaren hamargarren urteurrenean.

Bizkaia Arenan, BEC barruan, 12.000 lagunen bilduko dira britainiarraren doinuek erakarrita; denak eserita egongo dira, eta oso sarrera gutxi gelditzen dira erosteko.

Bizkaian lehenengoz joko du 67 urteko pianista, konposatzaile eta abeslariak. Aurretik, Iruñean egondakoa da, 1995ean, eta Donostian ere jo zuen, 1986an. Euskal Herrian azkenekoz duela hamar urte egon zen kontzertua ematen, Baionan.

Elton Johnek eta bere taldeak emango duten kontzertua "The Diving Board" diskoa aurkezteko birari dagokio, baina haren garai guztietako klasikoak ere entzungo dira, dudarik gabe.

Aurten, Elton John "Goodbye Yellow Brick Road" diskoaren 40. urteurrena ospatzen ari da. Arrakastaz gainezka egon den musika ibilbidean, Elton Johnek urrezko 35 disko eta platinozko 25 jaso ditu, 250 milioi ale salduta.

1969an hasi zen musikagintzan, eta, orduz geroztik, 3.000 kontzertu eman ditu mundu zabalean.