Jazza
Chick Coreak eta Herbie Hancockek batera joko dute Gasteizen uztailean
Erredakzioa
Gasteizko 39. Jazzaldiak bi maisuak batuko ditu, 1978an egin zuten bira errepikatuko baitute Coreak eta Hancockek. Horiez gain, Estrella Morente, Dave Holland eta beste asko arituko dira bertan.
Chick Corea eta Herbie Hancock pianista mitikoek bat egingo dute berriz agertokiaren gainean, duela 40 urteko biran bezala, eta Gasteizko Jazzaldiak beren birako kontzertu bat hartuko du.
Gasteizko Jazzaldiaren arduradunek programazioaren aurrerapen bat egin dute gaur. Uztailean izango da musika topagunea.
Chick Corea eta Herbie Hancock izango dira, dudarik gabe, 2015eko jaialdiaren izen handienetako bi. Uztailaren 18an igoko dira oholtzara pianoaren bi maisu handiak.
Uztailaren 17an, berriz, Estrella Morente eta Anat Cohen klarinete-jotzailea izango dira protagonista Gasteizen, Brasilgo musikari eskainitako gauean.
Estrella Morentek, Niño Josele aldean duela, Amar en Paz diskoa aurkeztuko du. Fernando Truebak ekoitzi du lana, eta Brasilgo musikaren bitxi andana bat bildu dituzte bertan.
Gainera, Brad Mehldau Triok hainbat pop kantu berrasmatuko ditu, ukitu oso ezberdin batez. Radioheaden edo Cole Porterren kantuen bertsioak entzun ahal izango dira uztailaren 16ko gauean.
Gaueko bigarren zatiaren protagonista “supertalde” bat izango da. Musikari hauek batu dira: Chris Potter (saxo tenorra), Dave Holland (kotrabaxua), Lionel Loueke (gitarra) eta Eric Harland (bateria).