Aitzindaria, Estatu mailan
Musikenek eta EOSek orkestra ikasketen lehen masterra abiatuko dute
Erredakzioa
2015-16 ikasturtetik aurrera, hari tresnak jotzen dituzten hogeita hamar pertsonak Espainiako Hezkuntza Ministerioaren bermea duten ikasketok egin ahal izango dituzte
Datorren ikasturtetik aurrera, Musikeneren eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ekimenez, hogeita hamar hari instrumentistak Orkestra Ikasketen Masterra egin ahal izango dute.
Miren Iñarga Musikeneko zuzendari akademikoak eta Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiak prentsaurrekoan azaldu dutenez, ikasketa planak, batetik, aktibo dauden profesionalek emandako eskolak eskainiko ditu, bakarka eta taldeka, eta bestetik orkestra praktikak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean.
Hezkuntza Ministerioaren oniritzia duen lehenengo orkestra masterra da hau, eta tituludunei orkestra interpretaziorako eta ikerketari lotutako beste ikasketa batzuetan jarraitzeko aukera emango die. Izena emateko epea datorren otsailean irekiko da.
2012ko otsailaren 23an, Musikene eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak “Aula Jordá Gela: OSE+Musikene” lehentasunezko lankidetza hitzarmen instituzionala sinatu zuten, eta akordio horren puntuetako batek orkestra-jarduerako instrumentu master bat bultzatzeko konpromisoa jasotzen zuen. Orain gauzatu da tratua.
Orkestra-ikasketen ikasketa artistikoen lehenbiziko masterra (hari instrumentuak) 2015/2016 ikasturtean abiatuko da. 60 kredituko balioa izango du: horietako 40 heziketa praktikoari dagozkio, eta 20, orkestra-jarduerari.
Master ofizial honetarako matrikularen zenbatekoa 6.700 eurokoa izango da. Behin-behinean izena emateko epea 2015eko otsailean zabalduko da.