Abenduaren 30a
Musika Tresna Birziklatuen Cateurako Orkestra Bilbon arituko da
Erredakzioa
Herrialde andana bat bisitatu eta, berbarako, Metallicarekin jo eta gero, tresna birziklatuak erabiltzen dituen Paraguaiko musika taldea Euskalduna Jauregian izango da asteartean, abenduak 30.
Musika Trena Birziklatuen Cateurako (Paraguai) Orkestrak kontzertu bitxia emango du gaur, abenduak 30, Bilbon, Euskalduna Jauregian. Nazioarteko bira egiten ari dira musikariak, eta berorri dagokio Bizkaiko hiriburuko emanaldia.
Musika taldeak zaborretik hartutako hondarrez eraikitzen ditu gero zuzenekoetan musikariek erabiltzen dituzten tresnak, eta askotariko errepertorioa daukate: doinu klasikoak, folklorea, Amerikako musika, Beatlesen edo Frank Sinatraren abestiak…. Munduko artista famatuenekin batera jo izan dute; Metallicarekin, adibidez.
Inma Shara orkestra zuzendariak ere parte hartuko du kontzertuan, eta kantu berezi bat egingo du umeekin batera. Halaber, Bilboko Koral Elkartearen Haurren Korua ere batuko zaie agertokian hainbat unetan.
Musika Trena Birziklatuen Cateurako (Paraguai) Orkestrak Cateura Asuncion hiriko auzo bateko ume eta gazteak batzen ditu. Zabortegi baten gainean eraikita dago etxe multzoa, eta kokaleku zorigaiztokoari atarramentua atera diote: hodiak erabiliz flautak sortzen dituzte, latez gitarrak eraikitzen dituzte… Birziklatzeak bigarren aukera bat ekartzen duela erakusten dute.