Itxi

Heriotza

Demis Roussos greziar abeslari eta artista hil da

Erredakzioa

Egipton jaiotako artistaren alabak eman du heriotzaren berri. Aphrodite’s Child taldeko kide ohiak sona handia izan zuen 70eko eta 80ko hamarkadetan.

60 milioi disko baino gehiago saldu ditu musikari greziarrak. Argazkia: Efe.

Artemios Ventouris Roussos, Demis Roussos izengoitiaz ezagunagoa zen musikari eta abeslaria, atzo, urtarrilak 25, goizaldean hil zen, 68 urte zituela, Atenasko ospitale batean.

Europan 70eko eta 80ko hamarkadetan ospe handia izan zuen artistaren heriotza haren alabak baieztatu dio Le Figaro frantziar egunkariari.

2009an argitaratu zuen disko bat azkenekoz: Demis.

1946an Alexandrian (Egipto), greziar jatorriko familia ortodoxo batean jaioa, Roussos 12 urte zituela itzuli zen Greziara, eta 70eko hamarkadan hasi zen musikagintzan, taberna bateko trompeta-jotzaile gisa hasieran, talde batean gero eta bakarlari formatuan azkenekoz.

Roussosek Frantzian izan zen batik ezagun, eta, bakarkako ibilbideari ekin aurretik, Aphrodite’s Child taldean aritu zen, baxu-jotzaile eta abeslari. “Rain and Tears” kantuak sortu zituen, Vangelisekin batera.

1971n taldea desagertu eta gero, bakarlari gisa hasi zen, eta, 1973an “Forever and ever” diskoarekin mugarria ezarri zuen. Nazioarteko oihartzuna hartu zuten haren doinuek, eta 60 milioi disko saldu zituen orotara bere ibilbidean.

Hogeita hamar bat disko kaleratu zituen, grezierazko, frantsesezko, alemanezko, ingelesezko eta gaztelaniako kantuekin.