Jazza
EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra jaio da
Erredakzioa
Getxo, Gasteiz eta Donostiako Nazioarteko Jazz Jaialdietan kontzertuak eskainiz ekingo dio ibilbideari EIJOk.
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra Musika Kontserbatorien eta Musika Eskolen arteko lankidetzatik sortutako proiektua da, ikasleen artean musika modernoa sustatzea eta lantzea du helburu, jazz bertsioan.
Euskadiko hiru Jazz Jaialdi handien eskutik, EIJOk Getxo, Gasteiz eta Donostiako jaialdietan eskainiko ditu bere lehen kontzertuak uda honetan.
Cristina Uriarte Kultura sailburuak azpimarratu duenez, “ikasleei dagokienez, Austriaren ondoren, gu gara Europan ohiko ikasketekin batera musika gehien lantzen dugun gizartea, dela kontserbatorioetako ikasketa arautuetan, dela musika eskoletako ikasketa ez arautuetan”
Proiektua jazz estiloko big-band batean oinarritzen da, talde honi dagozkion haize-egur, haize-metal eta perkusio instrumentuekin: sei saxofoi, bost trompeta, 5 danbor, piano akustiko bat, teklatua, gitarra elektrikoa, baxua, kontrabaxua, bateria eta perkusio latinoa.
Orotara, 23 ikaslek osatzen dute EIJO, guztiak ere Euskadiko Kontserbatorioetako eta Musika Eskoletako ikasleak. EIJOn parte hartzeko aukeraketa-probak joan zen larunbatean, otsailaren 7an egin ziren Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. 55 musikari gazte aurkeztu ziren probetara.
Kontzertuak, Euskadiko nazioarteko jazz jaialdietan
Martxotik maiatzera bitartean, EIJO hiru alditan elkartuko da, egun osoko saiotan, eskola teoriko-praktikoak hartu eta entseguak egiteko. Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, Barriako aterpetxean (Araban) bost eguneko egonaldia egingo dute musikari gazteek, eta, horren ondotik, orkestraren estrenaldia iritsiko da, Euskadiko nazioarteko hiru jazz jaialdietan: uztailak 5, Getxoko Jazz Jaialdian; uztailak 15, Gasteizko Jazz Jaialdian; eta uztailak 22, kontzertua Donostiako Jazzaldian.