Itxi

Donostia 2016

Music Box Festibalak doako 15 kontzertu eskainiko ditu Donostian

Erredakzioa

Aurretiaz horrelako zereginetarako sekula erabili ez diren tokietan doako 15 kontzertu emango dituzte bertoko eta nazioarteko taldeek. 2016 baino lehen, hiru aurkezpen kontzertu egingo dituzte.

Maiatzaren 17an izango a lehenengo aurkezpen kontzertua

Donostia 2016k Music Box Festibala aurkeztu du, kultur ekitaldietarako erabiltzen ez diren eremu publikoak musika kaxa bihurtuko dituen ekimena. Proiektuak nazioarte mailako zein bertoko 15 talde eta artistaren emanaldiak bilduko ditu Arkitektura Eskolako ikasleek moldatutako hiri gunetan.

Ginmusica enpresarekin batera 2016ko programazioaren barruan antolatutako emanaldien aurretik, atariko gisa, hiru aurkezpen kontzertu egingo dituzte aurten, maiatzean, ekainean eta irailean. Lehen emanaldia maiatzaren 17an izango da (19:00), 2016 Gunean (suhiltzaileen eraikinean). Devendra Banhart & Andy Cubic eta Manett taldeen kontzertuak 400 pertsonarentzako edukiera mugatua izango du.

Gipuzkoako Arkitekto Teknikoen Elkargoko terraza (Gernikako Arbolaren pasealekua) izango da bigarren kontzertuaren agertokia, ekainaren 12an. Motorama eta Perlak taldeak arituko dira bertan.

Irailaren 11n, proiektuaren aurkezpenari amaiera emateko, Is Tropical eta Las Tea Party DJ´s izango dira Kaian kokatuko duten oholtza gainean.

Kontzertu guztiak doan izango dira, eta gunearen edukiera bete arte izango dira ateak zabalik.

2016an, 15 kontzertuk musika kutxa bilaka daitezkeen hiri espazioak erakutsiko dituzte.