Itxi

Jaialdia

Larunbatean abiatuko da MAZ Basauri jaialdiaren laugarren edizioa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Burning, The Excitements eta Ruta 66 dira agertoki gainera igoko diren aurreneko hiru taldeak.

Burning

Mike Farris, Burning, Ruper Ordorika, Audience, Julian Maeso eta The Excitements dira MAZ Basauri jaialdiaren laugarren edizioan Basauriko Social Antzokiko oholtzara aterako diren talde eta bakarlariak.

Gainera, Bizkaiko udalerri horretako beste hainbat txokotan, doako emanaldiak eskainiko dituzte, Tulsa, Señores, Los Brazos eta Highlights taldeen eskutik.

Bukatzeko, Txiki MAZ umeentzako gunea, Munlet taldearen kontzertua eta rockaren historiaren errepasoa egingo duen R'n'R High School ikuskizuna antolatuko dituzte.

Hori guztia larunbatetik aurrera izango da; maiatzaren 16an, 23an eta 30ean, zehazki.

Sarrerak

Hiru asteburuetarako bonua duela egun batzuk agortu zen. Horrenbestez, eguneko sarrerak baino ez daude eskuragarri, 12 euroan. Txarteldegian, berriz, 15 euroko prezioa izango dute.

Oraingoan ere, prezio merkeak sustatu nahi ditu MAZ Basaurik, bai Social Antzokiko kontzertuetan, baita antzokiko edarien salneurrian ere.

Kontzertuak, astez aste

Larunbat honetan, maiatzaren 16an, Burning, The Excitements eta Ruta 66 disko-jartzaileen txanda izango da. Hurrengoan, ostera, Ruper Ordorikak, Audiencek eta Optiganek hartuko dute lekua, eta Mike Farrisen, Julian Maesoren eta Igu Allnighterren musikaz gozatuko du publikoak azken larunbatean.