Kontzertuak
Belle & Sebastian taldeak Donostian joko du azaroaren 16an
Agentziak | Erredakzioa
Talde eskoziarra Kursaaleko entzunaretoan izango da “Girls in Peacetime Want to Dance” diskoa aurkezten. Sarrerak salgai daude, 31 euroan.
Belle & Sebastian talde eskoziarrak kontzertua eskainiko du azaroaren 16an Donostiako Kursaal auditoriumean, "Girls in Peacetime Want to Dance" disko berria aurkezteko biraren barnean. Aretoko ateak 20:00etan irekiko dira, eta sarrerak 30 euroan (gehi gastuak) eros daitezke Kursaaleko webgunean, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Bost urte lanik kaleratu gabe izan ondoren, eskoziarrek urte hasieran argitaratu zuten "Girls in Peacetime Want to Dance", euren ibilbideko bederatzigarren diskoa. "Izaera baikorreko lana da, bira eta konponketa elektroniko finez jantzia, balada barrokoekin eta 1990eko hamarkadako europop doinuekin", adierazi dute.
Bob Kildea (gitarra eta baxua), Chris Geddes (pianoa eta teklatuak), Mick Cooke (tronpeta, gitarra eta baxua), Richard Colburn (perkusioa), Sarah Martin (ahotsak eta biolina), Stevie Jackson (gitarra eta ahotsak) eta Stuart Murdoch (pianoa, gitarra eta ahotsak) dira Belle & Sebastian.
Taldea 1996an sortu zen, Glasgown. "Tigermilk" lehen diskoaren ondoren (1.000 ale bakarrik argitaratu ziren), "If You're Feeling Sinister" kaleratu zuten urte bereko azaroan, eta baita ospea lortu ere indie pop eszenan. 1998an, "The Boy with the Arab Strap" atera zuten, askorentzat taldearen lan hoberena.