Elkarrizketa
Andoni Aguirre: ''Gure lana dibulgazioa egitea da''
EKE
Musikari euskaldunak Europa guzian jotzen ditu kontzertuak, bakarlari gisa edo Kristi Gjezzi biolin jotzailearekin Pluton bikotean. Bere pasioa musika klasikoa ezagutaraztea da.
Andoni Aguirre (Baiona, Lapurdi, 1984) pianistak kontzertuak jotzen ditu Europa guzian, gehienetan solista gisa, bai eta Kristi Gjezzi biolin jotzailearekin Pluton bikotean. Goimailako ikasketak segituz, Parise eta Euskal Herria artean bizi da, Baigorriko musika eskolan erakasle izanez.
Gazterik nazioarteko lehiaketetan parte hartzen hasi zen Andoni Aguirre musikari euskalduna. Pariseko goimailako kontserbatorioan ganbara musika ikasketak bukatzen ditu eta erakasle izaiteari lotzen da. Bere pasioa komunikatzea eta musika klasikoa gehiago ezagutaraztea du helburu. 2010eko martxoan eskaini zigun elkarrizketaren pasarte hauek proposatzen dizkizuegu. Xehetasun gehiago (soinua, argazkia, loturak...): eitb.eke.org
Pianoarekin lehen oroitzapena
Nik badut pianoarekin harremana sortu zen egunaz oroitzapena. Baionako festak zirela, aitamekin joan ginen lagun batzuen etxera. Lagun harek bazuen piano bat bere ganbaran. Bazterrak mihatzen nindabila, pianoa atxeman nuen eta jotzen hasi nintzen. Segur bai, oroitzen naiz gau hartan pianoa deskubritu nuela: helduak festa egiten ari eta ni, bakarrik, pianoarekin. Bospasei urte nituen. Nola ez zuen baitezpada baliatzen, lagun harek pianoa prestatu zidan 18 urte arte. Gero ondotik, bat erosi nuen.
Aita musikaria da, kantaria, duela 30 urte Urria taldea sortu zuena, zinez balore handiko kantaria neretzat. Amak ere musika maite du, biek bultzatu ninduten. Pianoa maite nuen eta sakonki lantzeko aukera izan nuen.
Baionako Maurice Ravel kontserbatorioan
6 urterekin sartu nintzen Baionako kontserbatorioan eta lehenik, denek bezala, gauza errexak lantzen hasi nintzen. Pixkanaka, 10-11 urtetan, nazioarteko lehiaketak pasatzen hasi nintzen Parisen, Donostian. Programaren eta errepertorioaren aldetik, badira zonbait pieza gazteentzat, aski ezagunak. 11 urterekin ez nintuen Rachmaninov piezarik jotzen baina lehiaketa horiek aukera onak dira gogoa eta motibazioa sustengatzeko. Baionan egon naiz 18 urte arte, jazza praktikatzen nuen, denetarik, lagunen arteko hastapen artistiko bat izan zen.
Okzitaniako Tolosara Thierry Huillet-ri esker
Thierry Huillet erakaslea epaimahai batean izan zen Baionan 2001ean. Pianista handia, musikari atipikoa, konpositorea, inprobisatzailea ere. Haren ezagutza egin nuen eta hurrengo urtean, bere klasean sartu nintzen Tolosan. 3 urtez ari izan naiz serioski Pariseko goimailako kontserbatorioko konkurtsoa lantzen. Aski garrantzitsua izan zen nere bizian, artistikoki ideki nintzen. Erakaslea gaztea zen (35 urte) eta bien artean harreman bizia eta emankorra sortu zen. Miresten nuen. Teknikoki ere asko ikasi nuen bere gandik.
Pariseko goimailako kontserbatorioan
Parisen 4 urte pasa nituen soilik pianoa ikasten eta orai ganbara musika formakuntza bukatzen ari naiz. Heldu den uztailean, bizpahiru urteko erakasle formakuntza abiatzen dut. Garrantzitsua da enetzat erakasle izaitea, zeren ez dut beste aukera handirik, solista izaitea ez baita aski bizitzeko.
Erakasle Baigorrin
Maite dut helduekin eta haurrekin harremanetan izaitea. Ikusten dut Baigorrin, astero joaten bainaiz Iparralai musika eskolara, harreman biziki onak ditut haurrekin. Musika alaiki ikasten dugu. Bestela, egia erran, pianoa lantzen dudalarik, bakarrik naiz beti, gehienetan kontzertuak emaitean bakarrik naiz. Solista gisa, bizia ez da biziki irringarria.
Dibulgazio lana
Musika klasikoa, elite baten eta garai bateko musika dela historikoki argi da. Baina gure lana dibulgazioa egitea da, gehien entzunaraztea eta jotzea jendeen aurrean. Nik maite dut pianoa hartzea eta heien aurrean jotzea. Ohartzen dira ni arrunt normala naizela, musika klasikoa ez dela beste munduko musika, baizik eta "La flûte enchantée" bezalako soinu ezaguna dela ere. Hortik abiatuz, oinarri ona da Mozart, Beethoven edo Bach denek ezagutzen ditugunak aurkezteko. Hortik sortzen baita entzuteko eta praktikatzeko gogoa.
Praktika aipatzerakoan, ikusten dut Baigorrin trikitixa arrakasta gehiago biltzen duela pianoak baino. Hori ongi da, nik ere arrunt maite dut. Gazteetan, trikitixarekin hasi nintzen. Akordeoia ere jotzen dut gaurregun Klezmer edo yiddish musika talde batean. Baina egia da, hemen eta denetan, irudimenetan pianoa instrumento xaharra dela, aitamek gomendatzen dutena.
Pluton bikotea Kristi Gjezzirekin
Kristi, 19 urteko Albaniar biolin-jolea da, 4 urterekin Bordalera etorria. Pariseko kontserbatorioan ezagutu nuen eta orai dela 3 urte Pluton bikotea sortu genuen. Talendu handiko musikaria da. Jadanik baditu nazioarteko lehiaketa sari ugari, 2009ko irailean Iruñako Sarasate lehiaketan 3.saria lortu zuen. Kristik Sarasate, "Jota de San Fermin" bezalako aireak arrabitarentzat trankribatu zituen euskal musikaria, maite du. Kristirekin saiatzen gira munduko musikak eta klasikoa nahastea. Frantziako irratiek gustukoa dute.
BasKlassics egitasmoa
Egitasmo honek euskal kultura eta musika klasikoa uztartu eta diasporara eraman nahi ditu. Mementoan, egia erran, zaila zaigu obratzea zeren Estatu Batuetako euskal etxeek ez dute klasikorik programatzen. Harremanak sortu genituen San Fransiskon, Renon. Euskal kultur erakundearekin harremanetan sartu nintzen. Sustengatzen gaitu, jadanik laguntza handia da. Baina hango euskal etxeekin zaila da profesionalki harremanetan sartzea, gure kontzertua proposatzen eta saltzen baitugu. Ariko naiz xekatzen interneten bidez eta deitzen, ea lortzen dugun gure kontzertua han zabaltzea.
Bide luze bat
Aste bat pasatu dut mendian, Alpesetan, ez baitezpada eskia egiteko baina pentsatzeko. Baditut galdera zonbait: "nun nahi dudan bizi, Euskal Herrian, edo mendian, Alemanian, Italian". Nire proiektuak musikalki hauxe dira: lehiaketak, kontzertuak, aipatzen genuen BasKlassics proiektua, gauza anitz. Eta nahi baduzu, nere lana ere, musika irakurtzea eta jakintza handia lortzea da. Lan handia eta luzea, ez dut baitezpada presarik, baitakit oraindik badudala bide luze bat.