Ostegunean, Kursaal aretoan
Cecilia Bartoli mezzo-sopranoa Donostian, 'Sacrificium' aurkezteko
Erredakzioa
Azken lanaren birarekin dator italiarra Gipuzkoako hiriburura. Larunbatean Bilbon izango da, eta, ondoren, Iruñean eta Gasteizen.
Cecilia Bartoli mezzo-sopranoa Donostian izango da ostegunean, Sacrificium bere azken lanaren aurkezpen birari ekiteko. Kursaal Aretoan izango da italiarra, Ada Pesch lehen biolinaren zuzendaritzapean arituko den La Scintilla orkestra lagun duela. Emanaldia 20:00etan hasiko da.
Azken bi hamarkadotan musika klasikoak eman duen artista nagusienetako bat da Cecilia Bartoli, eta Herbert von Karajan, Daniel Barenboim eta Nikolaus Harnoncourt zuzendariekin egin izan du lan. 6 miloi disko baino gehiago saldu ditu, eta nazioarteko pop zerrendetan 200 aste baino gehiago egin ditu. Salmenta postuetan gore-gorenean dago artista klasikoa.
Lau Grammy, zazpi Echo, Bambi sari bat, bi Classical Brit Awards eta Victoire de la Musique saria lortu ditu.
Sarrerak salgai daude, ohiko salmenta bideetan. Prezioak bost dira: 70, 56, 45, 36 eta 10 euro. Gainera, Kursaal aretoko leihatilan, 3 eurotako sarrerak egongo dira salgai, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. 30 urte baino beherako lagunek eskuratu ahal izango dituzte.
Bira, beste hiri batzuetan ere
Donostian izan ondoren, Bartolik Bilboko Arriaga Antzokian eskainiko du emanaldia apirilaren 10ean. Haendel, Hasse edo Porpora egileen lanak landuko ditu, pieza barrokoez osatutako programa batean. Oraingoan ere La Scintilla orkestra izango du lagun. Hurrengo astean beste euskal hiriburuetan ere arituko da italiarra: apirilaren 19an Iruñean eta hilaren 20an Gastezen.