Itxi

Elkarrizketa

IZARO: 'Lehenengo pausotxo hauek inori lotu gabe eman nahi ditut'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Lehen diskoa prestatzen dihardu Izaro Andres Zelaieta (Mallabia, 1993) musikariak, eta finantzazio kolektiboko kanpaina abiatu du. Diskoa grabatzeko ametsa gauzatzear du; udazkenean helduko da.

Izaro

Haize berria, aire laztan freskoa, da Izaroren ahotsa euskal musikarentzat, “Honey” eta “Paradise” kantuek erakutsi dutenez. Publikoak, berritasun gosez agidanez, harrera ona egin dio mallabitar musikariaren proposamen biluziari, folk estatubatuarrez bustitako pop doinuei, eta horren erakusgarri dira bi kantuon bideoek Youtube webgunean izan duten ikustaldi kopurua: 35.000 lagunek ikusi dituzte.

Orain, erronka berria du aurrean IZAROk: lehen diskoa kaleratzeko finantzazio kolektiboa abiatu berri du. Hainbat musikarik lagunduta, bakarlari gisa sortutako 12 kantu leunki jantzi, beste kantu bat bere horretan, artifiziorik gabe, utzi eta disko batean bilduko ditu.

Berarekin hitz egin dugu, proiektuaren nondik norakoak azal diezazkigun.

Noiz hasi zinen lana osatuko duten kantuak konposatzen?

2014ko udan hasi nintzen konposatzen. “Paradise” izan zen idatzi nuen lehenengoa, eta bigarrena “Honey”. Ordutik, 25 kanta baino gehiago idatzi ditut... Oso zaila egin zait diskoa zeintzuek osatuko duten aukeratzea.

Aukeraketa honek ez du esan nahi gainerako abestiak gutxiago gustatzen zaizkidanik edo ez ditudanik grabatu nahi. Diskoaren kontzeptuari eta senari jarraituta aukeratu ditut kantak, eta instrumentazioaren edo emozioen aldetik lanketa berezia eskatzen duten zenbait kantu etorkizunerako gorde ditut.

Zer estilotako kantuak dira?

Ez dakit oso ondo estiloa nola definitu. Kantu oso ezberdinak daude, agian oraindik esperimentatzen ari naizelako; pop-folk bezala deskribatu izan dituzte… Baina kantu gozoak dira, intimoak: batzuk oso lasaiak, nostalgiko-melankolikoak, eta beste batzuk, aldiz, dantzagarriagoak. Erritmo tribalen bat edo beste ere badago, soul ukituren bat...

Bakarlari baten diskoa izaki, zer instrumentazioa izango dute kantuek diskoan? Oriol Flores, Iker Lauroba eta Ane Bastida musikariak eta Yon Vidaur teknikaria izan dituzu ondoan kantuak grabatzeko orduan.

Instrumentazioak bakarlari izaera ezabatuko zuen beldur nintzen. Bateria bat ikuste hutsak alarma guztiak pizten zizkidan. Baina zorte izugarria izan dut aurkitutako musikariekin. Instrumentazioa oso leun eta zolia izango da, beharrezkoa dena eta ez gehiago: gitarra akustikoa, elektrikoa, baxua, bateria eta pianoa dira instrumentu nagusiak.

Nire banda zoragarria da: musikari oso onak, eta esperientzia handikoak. Oriol Floresek bakarlari askori lagundu izan die, eta sentsibilitate berezia du nire kantuekin, oso argi dauka nirekin kantuen esentzia bilatzeko formulak funtzionatzen duela. Bateriaz gain, perkusio desberdinak erabiltzen ditu kantuak janzteko. Iker Laurobari buruz, zer esan? Taldean zein bakarlari bezala ibiltzen da, ematen diozun instrumentu oro jotzeko gai da, horien arteko harremanak ulertzen ditu, eta bihotz gozo-gozoa du.

Gure baxu-jotzailea Ane Bastida den arren, orain arte Julen Barandiaran, “Txiki”, ibili da gurekin. Ordezkapen hutsa izan zen hasiera batean, baina bere gaitasunak eta nire musikaren bibrazioak ulertu izanak txundituta utzi gaitu, eta gutako bat da orain. Diskoan mantendu nahi dugu Anerekin batera, bere lana eskertzeko.

Yon Vidaurrek errespetu handiz hartu gaitu: aholkuak ematen dizkigu, baina erabakia beti gure eskuetan utziz. Gogotsu nago estudioan sartu eta aste batzuez ia-ia bertan bizitzeko.

Kontziente naiz ditudan kideak izateko zortea oso gutxik daukatela, urrea dira niretzat, eta hala zaintzen ditut.

Hitzei dagokienez, hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta ingelesa) abestutako kantuak sartuko dituzu. Baldintzatzen du hizkuntza aukeraketak kantuetan kantatzen denaren nolakotasuna? Zein unetan hartzen du kantu batek zure barruan hizkuntza baterako edo besterako bidea?

Bai, hizkuntzek baldintzatu egiten dute kantua. Agian baldintzatu ez da hitzik egokiena, gidatu esango nuke. Euskara nire ama-hizkuntza da, eta horrek eskaintzen didan gordintasuna eta gardentasuna ez dit inoiz beste hizkuntza batek eskainiko. Ahoskatzeko moduari zor zaiola uste dut: zehatza eta garbia. Hizkuntza sofistikatua iruditzen zait ondo erabiltzen jakiten bada, jantzia eta jasoa.

Gaztelaniak xarma berezia dauka, erdipurdikoa aparta bihurtzeko gaitasuna du. Kantautoreen ahotan bizitzeko egina dago, 98ko belaunaldiko poetetan, zigarro erdi itzalietan, zapata apurtuetan eta kaleetan.

Eta, melodikoki, ingelesa datorkit ondoen nire ahotserako. Doinuera liraina dauka, arina. Ingelesak ez du ezer pisatzen, eta hipnotikoa da.

Hizkuntza bat edo beste aukeratzen dut, nahi gabe. Momentuan datorkidana da, badirudi kantuek eurek dakitela zein hizkuntzatan nahi duten kantatuak izatea, eta nik kasu egiten diet.

Zeri buruzkoak dira diskoko kantuen hitzak? Konposizioaren zein puntutan hasten zara hitzak idazten? Kostatzen zaizu?

Zeri buruzkoak? Uf! (kar-kar). Gehienbat maitasunari buruzkoak dira, bai maitasun erromantikoari bai gainerako maitasun guztiei buruzkoak. Maiteminetik asko dute, eta maitasunetik ere bai.

Ez dut konposatzeko prozesu finkorik. Normalean esaldiren bat izaten dut buruan dantzan, edo hitz-jokoren bat. Gitarra hartu, eta hitz horiei akorde aproposak aurkitzen saiatzen naiz. Gero, dena azkar joaten da. Azkarregi! Ezin dut kanta bat bukatu gabe utzi: hasi eta amaitu. Egun berean hasi eta amaitzen ditut.

Idazteagatik balitz, oso abesti luzeak idatziko nituzke: estrofa estrofaren atzetik. Idaztea asko gustatzen zait. Ez dut idatzi sentitu ez dudanik, orain arte behintzat. Agian horrek errazten dit idaztea.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen finantzazio kolektibora jotzea proiektua aurrera ateratzeko? Izan duzu bestelako proposamenik?

Musikariekin elkartu nintzenean, diskoa grabatzearen ametsa errealitate bihurtu zen. Disko bat grabatu, promozionatu eta banatzea oso garestia da, eta bagenekien guztia ezingo genuela gure poltsikotik ordaindu.

Crowdfundinga fenomeno oso interesgarria da: elkarrekin proiektuak aurrera atera, indar txiki askorekin indar handi bat lortu... Gainera, Creative Commons lizentziapean egin nahi nuen.

Izan ditut beste proposamen batzuk, baina ez nuen sentitzen horretarako momentua zenik. Eskertuta nago bihotzez, eta aterik ez dut itxiko, baina, oraingoz, lehenengo pausotxo hauek inori lotu gabe eman nahi ditut. Crowdfundingaren bitartez erosle oro bihurtzen da kolaboratzaile, diskoa denona izango da, eta hori zirraragarria da.

Crowdfundingean parte hartzen dutenentzako aukeretako bat etxeko egongelan zure kontzertu bat hartzea da… Eta batek aukera hori hartu du dagoeneko…

Bai, ideia polita iruditu zitzaigun. Ez genuen uste inork hartuko zuenik, egia esan, baina, amestea libre dela eta, animatu ginen, eta begira! Bat badaukagu! Oraindik ez dugu kontzertua lotu, baina 30-40 minutuko kontzertua izango dela iragar dezaket. Esperientzia berezia izango da, ziur.

Bestalde, parte-hartzaileek Europara sartu ezinik dauden errefuxiatuei ere lagundu ahalko diete kanpainaren bidez…

Bai, 50 euroko sorta erosten dutenei proiektu batzuk aurkeztuko dizkiet, beraiek erabaki dezaten zeini nahi dioten lagundu. Horrez gain, dirua sobratuko balitz, bertan lanean ari den proiekturen batera bidaliko genuke. Telefono-deiak egin ditut, eman didate proiektuen berri, eta badaukat norekin hitz egin unea heltzen denerako.

Lotsagarria iruditzen zait bizitzen ari direna, agintarien neurriak, gure erantzuna... Badakit ez direla sufritzen ari diren bakarrak, badakit mila gerra ditugula munduan, mila proiektu beharrezko, egoera lotsagarrietan bizi diren mila giza talde. Baina hau aukeratu dut.

Nik hemen nahi ditut, nik salbu nahi ditut, ez da armarik erosiko nire izenean, nik beraien seme-alabak gure eskola publikoetan nahi ditut nire/gure seme-alabekin, eta nik bezala beste askok. Ni ez naiz Europa hori, eta Europa horrek lotsa ematen dit.

Diskoa ateratakoan, nola aurkeztuko dituzu kantuak? Zeren arabera aukeratuko duzu kontzertu jakin bat bakarka edo musikariek lagunduta ematea?

Diskoaren aurkezpeneko lehenengo sei kontzertuak taldean eman nahiko nituzke, estudioko lana eta lan kolektiboa aurkezteko. Iker Lauroba, Oriol Flores eta Ane Bastida izango ditut nirekin, baita Txiki ere.

Gertatzen ari zaidan gauzarik politenetako bat da kantak jendearen aurrean eraiki ditudala. Kanten prozesua ikusi dute, eta diskoa erosi aurretik jakingo dituzte diskoko kantak. Uste dut hori oso zintzoa dela, naturala eta aberasgarria.

Kontzertuak bakarka ematen ere jarraituko dut, lekuaren arabera, publikoaren arabera, ekitaldi motaren arabera... Bakarka jotzea ez dut baztertu nahi.

Zer musika entzuten du IZAROk, eta zein musikari eta talde dituzu eredu?

Adele, Norah Jones, Pedro Pastor, Bruno Mars, Mikel Urdangarin, Quique Gonzalez, Anari, Damien Rice...

Bat azpimarratu beharko banu, agian Adele izango litzateke. Asko ikasi dut horren musikatik.

Datei begiratuta, zer daukazu orain aurretik? Aurreikuspenen arabera, zein da proiektuaren tempoa?

Zorionez, gauza asko. Maiatzaren 20an, Keu Agirretxearen kontzertuan, abesti batean lagunduko diot, “Kristal Blindatuak”en hain zuzen ere, Dabadaban, Donostian. Eta maiatzaren 24an Lobiano Kultur Gunean (Ermua) egongo naiz, musika-eskolako ikasleekin solasean, nire ibilbideaz hitz egiteko.

Nomadak eta kofrea by Keu Agirretxea

Diskoari begira, ekainean diskorako argazkiak ateratzea da plana, ekain amaieran estudiora sartu eta uztail hasierarako grabaketa bukatuta izatea. Udan diseinatzaile grafikoekin batera diskoaren diseinua egin, eta irail hasieran labera. Aurkezpen kontzertuak urrian hasiko ditugu.

Kontzertu hauek diru lotuta IZAROk, etorkizun hurbilean:

V.7    Elorrio - Gaztetxea, 22:30 h

V.13    Abadiño - Gaztetxea, 22:00 h

V.14   Donostia - Musika Parkean (Altza), 15:30 h

V. 21   Lekeitio - K13

VI.15   Eibar, Hirurok taberna