Bira
Euskadiko Ikasleen Orkestraren emanaldi arrakastatsua Venezuelan
Erredakzioa
Venezuelako Sinfonikarekin batera aparteko kontzertua eskaini zuten larunbat honetan euskal gazte musikariek Caracasen. Antonin Dvoraken 'Mundu Berriaren Sinfonia' interpretatu zuten.
EIO Euskadiko Ikasleen Orkestrak Venezuelan eman ditu azken egunak, herrialde hartako Orkestren Sistema Nazionaleko musikariekin eskarmentuak eta entseguak konpartitzeko asmoz.
Herrialde honetatik egin duten musika birari amaiera borobila eman zion Francisco de Miranda Gazteen Orkestra Sinfonikoarekin euskal gazte musikariek Caracasen eskaini zuten barteko emanaldiak.
Kontzertuaren lehenengo partean Francisco Escuderoren El sueño de un bailarín interpretatu zuen EIOk, Nerea Gurrutxaga dantzariaren partehartzearekin. Ondoren, Venezuelako Gazte Sinfonikoaren musikariak eszenatokira igo eta batera, 170 lagun guztira, Antonin Dvoraken Mundu Berriaren Sinfonia obra jo zuten.
Ikuskizunak arrakasta itzela lortu zuen eta entzuleriak txaloaldi luzeak eskaini zituen.
12 eta 18 urte bitarteko musikari gazte euskaldunek osatzen dute Iker Sanchezek zuzendutako Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO).