Iruñea
Arcangel eta Vicente Amigo, Flamenco on Fire jaialdiko protagonistak
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko jaialdi flamenkoaren hirugarren edizioa abuztuaren 24tik 28ra egingo dute, Baluarten, Gayarre antzokian, Tres Reyes hotelean, Zentral aretoan eta Sabicas Etxean.
Arcangel, Vicente Amigo eta Farruquito izango dira Flamenco on Fire jaialdiaren hirugarren edizioaren protagonistetako batzuk. Iruñean, Sabicas maisuaren jaioterrian, egingo dute kontzertu eta ekitaldi sorta, abuztuaren 24tik 28ra.
Baluarteko auditoriuma, Gayarre antzokia, Tres Reyes hotela, Zentral aretoa eta Sabicas Etxea izango dira jaialdiko agertokiak, eta sarrerak gaur, maiatzak 26, jarriko dituzte salgai.
Urtero bezala, Flamenco on Firek Sabicas omenduko du, eta, aurten, gainera, Juan Habichuela granadar gitarrista ere ohoratuko du.
Abuztuaren 24an hasiko dira emanaldiak, Gayarre antzokian: Arcangelek eta Voces Bulgaras taldeak flamenkoko klasikoak eta bulgariar folklorea nahasiko dituzte “Estruna” ikuskizunean.
Diego de Morak zabalduko du, bestalde, Gaueko Zikloa, Tres Reyes hotelean; soleak, seguiriyak, granainak, tangoak eta buleriak joko ditu Morak kontzertuan.
Abuztuaren 25ean, Nafarroako Flamenkoak egingo dute Sabicas Etxean, eta, gau horretan, Diego Carrasco & Carrasco Familyk joko dute, Tomasitok lagunduta.
Ostiralean, hilak 26, Baluarteko auditoriumak hartuko du lehen emanaldia, edizio honetan lehenengoz. Farruquitok, Rosario Montoya haren amak eta Farruco anaiak ikuskizun “etniko, erro-errokoa eta garbia” eskainiko dute bertan, eta jardunaldiak Gaueko Zikloan jarraituko du, Alba Molinak Lole eta Manuelen errepertorioa gogoratzeko eskainiko duen kontzertuan.
Flamenkoa, jazza eta elektronika
Abuztuaren 27an, Zentral aretoan Ariadna Castellanos flamenko eta jazz musikariak eta Ed is Dead elektronikoek emanaldia eskainiko dute, eta, gauean, Belen Mayak “Romnia” ikuskizuna taularatuko du.
Flamenco on Fireren hirugarren edizioa abuztuaren 28an agurtuko da, Vicente Amigoren kontzertuaren bidez. 25 urte egin ditu agertoki gainean Amigok, eta, Baluarten, disko berriko kantuak joko ditu, “flamenkoaren erroetara itzuli eta gero”. Gauean, J. Andres Mayak, Ivan Vargasek eta Alba Herediak “Sacromonte” aurkeztuko dute.
Kontzertuez gain, Arte Flamenkoari buruzko Iruñeko Jardunaldiak, hitzaldi sorta oparoa, mahai-inguruak, ikastaroak, maisu eskolak eta dokumental emanaldiak ere eskainiko ditu jaialdiak.