Itxi

Uztailak 14-16

James Brownen jatorrizko taldekideak eta Popa Chubby, Getxo Bluesen

Agentziak | Erredakzioa

Horiez gain, Sugaray Rayford Chicagoko kantariak Travellin Brothers taldeak lagunduta joko du Bizkaiko udalerriko jaialdian.

Popa Chubbyk larunbatean, hilak 16, joko du

Getxoko 28. Nazioarteko Blues Jaialdia uztailaren 14tik 16ra bitartean egingo dute, eta Sugaray Rayford, Travellin' Brothers taldeak lagunduta, The JB's-Original James Brown Band eta Popa Chubby gitarra-jotzailea izango dira protagonistak.

Ohi bezala, saio nagusiak Algortako Bihotz Alai plazan izango dira, 21:00etatik aurrera. Hilaren 14an, baina, 20:00etan hasiko dira kontzertuak.

Antolatzaileek jakinarazi duenez, Sugaray Rayfordek hasiko du Getxo&Blues uztailaren 14an. The Mannish Boys Chicagoko blues talderik famatuenetako kantaria da, eta Blues Tradizionaleko Diskorik Onenaren saria irabazi zuen 2013ko Blues Music Awards sariketan.

Getxon, Travellin' Brothers talde bizkaitarrarekin joko du. Taldeak bira arrakastatsua egin berri du bere diskoarekin Alemania, Polonia, Portugal, Norvegia, Suitza, Frantzia, Danimarka, Holanda, Belgika, Ingalaterra eta AEBetan.

Bigarren egunean, uztailaren 15ean, The JB's-Original James Brown Band iritsiko da Getxora. Talde berezi honen ardatza James Brownen ondarea da, "musikaren mugak gainditzen dituena". Taldeko gidariak Martha High abeslaria eta Danny Ray dira, Brownen jatorrizko taldekideak 1960ko hamarkadatik.

Getxo&Blues jaialdia amaitzeko, Popa Chubby New Yorkeko blues musikaria arituko da. Bronxen hasi zen jotzen 1990eko hamarkadan, eta "bluesaren bertsio zuri, kaletar eta apokaliptikoa" da.