Alemaniako bira (I)
Belako, Bremenen: momiak, 'kartoffel' & reggae music
Belako
Mungiako laukoteak bertatik bertara kontatuko dizkigu Bremen, Berlin eta Hanburgora eramango dituen biraren nondik norakoak.
2016ko uztailak 14. Bremen.
Bezperako bidaiatik errekuperatzen eta egokitzen ari ginela, gosari oparoa hartu ahal izan genuen Radisson Bluen. Harrigarria da Breminale doako jaialdia izanik halako hoteltzarrean ostatu eman izana; beraz, aprobetxatu egin genuen, batek daki Berlin eta Hanburgon zer aurkituko dugun eta.
Goizean, St. Petri Dom katedrala eta bertako beirate, mosaiko eta organo ikaragarriak bisitatu genituen, baita momien museo txiki bat ere (denetarik zegoen, XVII. mendearen osteko noble zein laborariak).
Edinburgon egin genuen bezala, antzinako gauzen denda bat aurkitu genuen, erlikia batzuk hartzeko (Bremengo giltza, Bremengo musikariak?). Schnoor ingurua, hiri zaharra, kalexkaz beterik dago, eta hamaika txoko eder daude.
Kartoffel gosez, itsasadarretik gertu dagoen toki batean bazkaltzen eseri, eta musikari jardunari ekin genion behingoz: tresnak hartu, eta jaialdira. Euri ari zuen, gogoz aritu ere, baina lasai: Gryffindorren koloreak dituen zirku karpa baten babesean jo genuen (quidditcheko munduko txapelketa ematen zuen) eta gure kamerinoak funanbulu on batzuena zirudien.
Atertu egin zuen azkenean, baina karpak bete-beterik jarraitzen zuen, eta agertokira igo eta horren gustuko dugun hori egin genuen, ordubetez. Denetarik zegoen publikoan, adin eta estilo guztietakoak; lehen lerrokoak geldirik, eta mugimendu handiagoa atzealdea. Denek ematen zuten bertakoak, ?beste bat? eskatuta nongoak diren nabarmen utzi zuten gutxi batzuek izan ezik (kar-kar). Besarkada handi bat beraientzat; gero ez genituen ikusi, eta ez dakigu nortzuk ziren. Handiak! Jatorrak, benetan!
Jo ondoren, bai publikoari bai Emma eta Kristine Cervantes Institutuko kideei hau posible egitearren ?dankë? hamaika aldiz esan eta gero, afari oparoa egin genuen (zer ondo hartu gaituzten, benetan), eta bueltatxo bat eman genuen bertatik. Gakoa izan zen Breminaleko teknikariei zerbait hartzeko rocka eta reggaea jartzen duten lokalak gomendatzeko eskatzea.
Ròmes St. kale ingurura bidali gintuzten, eta Rum Bumpers eta Heartbreak Hotel izeneko pubetara joan ginen. Taberna guztiak nahiko autentikoak dira, 50eko eta 60ko hamarkadetako rock-and-rolla, bluesa, Gang of Four eta 80ko hamarkadako beste talde batzuk? Kutsu modernoena zuenean bukatu genuen, baina reggae kantu onak entzuten; hori zen behar genuena, hain zuzen ere.
Luze jo zuen, eta ihes egin behar izan genuen azkenerako, ?hot dog? batzuk hartzeko boxetan geldialdia egin ostean, noski. Maldan gora egin zaigu gosari loriatsua hartu eta trena hartzeko zortzietan esnatzea, baina Berlinera goaz. Ezin gara pozago egon!
Jarraituko dugu Alemaniako gure gorabeheren berri ematen.