Urrian eta azaroan
Drive-By Truckers eta Apocalyptica gurean izango dira urte bukaeran
Erredakzioa
Drive-By Truckers taldekoak Bilboko Kafe Antzokian izango ditugu, azaroaren 25ean, eta Apocalipticak Barakaldon joko du, urriaren 15ean.
Oraindik jaialdiz betetako uda aurretik dugun arren, pixkanaka ezagutzen goaz urte bukaeran gure aretoetan izango ditugun taldeen izenak. Bizkaian kontuan hartzeko bi zuzeneko izango dira: Drive-By Truckers taldekoak Bilboko Kafe Antzokian izango ditugu, azaroaren 25ean, eta Apocalipticak Barakaldon joko du, urriaren 15ean.
Orain aste batzuk Europan zehar egin behar zuten bira bertan behera utzi zuten Drive-By Truckers taldekoek. Hori dela-eta, ezin izango dira izan 2010eko Azkena Rock Festivalen. Hala ere, taldearen jarraitzaileek hitzordu berria izango dute Estatu Batuetako bandarekin. The Big To-Do disko berria kaleratu zuten joan den martxoan, taldearen zortzigarren lana, eta Kafe Antzokian aurkeztuko dute lan berri hori, azaroaren 25ean. Sarrerak (20/23 euro) salgai daude Ticketmastersarean, FNACen , Carrefouren , Halcon Viajes bulegoetan, Power Records Bilbao dendan eta 902 15 00 25 telefonoan.
2008ko KobetaSonik jaialdian eskainitako zuzenekoaren ondoren, Apocaliptica taldea berriz izango dugu Euskadin. Oraingoan Barakaldoko Rock Star Live aretoan emango dute kontzertua. 7th Symphony diskoa aurkeztuko dute bertan, datorren abuztuan kaleratuko den lan berria. Helsinkin (Finlandia) sortu zen taldea 1993an. Metal sinfonikoa jorratzen dute lau biolontxelo-jotzailek osatzen dute banda, eta Metallica taldearen doinuekin bakarrik osatu zuten lehen diskoa. Mundu osoan milioi bat kopia baino gehiago saldu zituen lanak. 2000.urtean euren abestiekin osatutako lehen lana grabatu zuten, eta 2010ean kaleratuko da estudioko lan berria. Urrian Barakaldon eskaini behar duten kontzerturako sarreren prezioa 25/30 eurokoa da, eta maiatzaren 28an jarriko dira sarrerak salgai Ticketmaster sarean, FNACen , Carrefouren , Halcon Viajes bulegoetan, Power Records Bilbao dendan eta 902 15 00 25 telefonoan.