Kontzertua
Lizarra, Manu Chaoren zain
Radio Euskadi
Musikari frantziarrak kontzertua eskainiko du gaur, Donostian Zurriolako hondartza bete eta bi urtera, Nafarroako herriko jaietako egitarauaren barruan.
Los Llanos parkeko agertokia prest dute Manu Chaok eta La Venturako taldekideek gaur gauean, 22:00etatik hasita, Lizarrako jaien barruan kontzertua eskaintzeko. Duela bi urte Donostian, Zurriolako hondartzan, 60.000 pertsona batu eta gero, Euskal Herrian joko du berriz musikari frantziarrak.
Euskal Herrian emango duen kontzertu bakarra izango da, Udalaren kalkuluen arabera 12.000 lagun batuko ditu eta hainbat arrazoi izan ditu Chaok Lizarra aukeratzeko, Regino Etxabe Lizarrako Kultura zinegotziak Radio Euskadiri azaldu dionez: “Birarekin ondo uztartzen zitzaion gaurko kontzertua, jaien barruan zelako, doakoa zelako… Horrek guztiak ekarri du Lizarrara”.
Musikariak hainbat eskaera egin zituen Lizarran jotzeko, eta Udalak sano onargarritzat jo zituen. “Prezio garestirik ez jartzeko eskatu digu, edariagatik zenbat kobratu behar dugun zehatz-mehatz esan, publizitaterik ez egiteko eskatu, bere irudia ez erabiltzea…”, azaldu du Etxabek. Bestelako eskakizun bitxirik ez du egin, Udaletik esan dutenez, catering-ean patxarana eta bertoko postreren bat egon behar izateaz haraindi.
Chaoren aurretik, Bolbora Arellanoko ska-reggae taldeak joko du, 20:30etik hasita. Ordu eta erdi geroago, Manu Chaoren txanda izango da.
Manu Chao, Fermin Muguruza eta Xabi Solanorekin "Sarri, Sarri" jotzen