Elkarrizketa
Nada Surf: 'Ezkortasunaren aurka borrokatu behar gara'
Natxo Velez | eitb.eus
Newyorktarrak igandean helduko dira Intxaurrondora. Daniel Lorca taldeko baxu-jotzailearekin hitz egin dugu, “Peaceful ghosts” eta “You know who you are” diskoek osatutako 2016ko uztaz.
Nada Surf power pop taldea berritasunez gainezka helduko da euskal publikoarekiko hamaikagarren hitzordura (Nada Surf + Sasha Smith, Donostiako Intxaurrondo KE, azaroaren 27an, 20:00etan). Batetik, Doug Gillard taldea laukote bihurtu duen gitarrista berria aurkeztuko dute; bestetik, "You know who you are" eta "Peaceful ghosts" disko berriak besapean dituztela iritsiko dira, aurten kaleratu dituzten bi lanak.
Lehenengoa (apirilean aurkeztu zuen taldeak Bilbon, zuzenean), "You know who you are", beren ibilbide luzeko zortzigarrena, disko ohikoagoa da. "Popular" kantuaren arrakasta neurrigabeak eman zion hasiera New Yorkeko taldearen ibilbideari, baina apurka-apurka jarraitu dute gero, iraupen luzeko probetako korrikalariaren azalean baleude bezala, multinazionaletatik eta jendetzetatik urrun, eurek ezarritako arauen arabera melodia itsaskorrak eraikiz.
"Peaceful ghosts" zuzeneko diskoaren grabazioa, bestalde, "pribilegioa" izan da, Daniel Lorca baxu-jotzailearen hitzetan, hogei urte baino gehiagoko ibilbidean konposatutako kantuetako batzuk orkestra sinfoniko batek lagunduta grabatzeko guraria asetzeko aukera eman baitie.
Lorcarekin, bost urte zituenetik New Yorken ezarritako madrildarrarekin, hitz egin dugu, Frantziako Tolosan emandako kontzertuaren soinu proba egin baino apur bat lehenago.
"Peaceful ghosts" zuzenekoan zuen ibilbide osoko kantuak eta Vienako ORF Radio Symphony Orchestraren eta Berlingo Babelsberg Film Orchestraren musika uztartzen dituzue. Nola jaio zen proiektua?
Egia esan, zorte ona izan genuen. Austriako irrati nazionaleko FM4 kateak, programazio eklektikoa duen irrati alternatibo batek, babestutako jaialdi batean jotzen ari ginela, ezagunak nituenez (Vienan bizi izan naiz), urtero bertako orkestra sinfonikoarekin egiten duten lankidetza hitzarmen batean parte hartu nahiko genukeen galdetu zidaten, edo horretan parte hartu nahiko lukeen estatubatuar talderik ezagutzen ote nuen.
Bere garaian, Parisen, kolaborazio bat egin genuen hari laukote batekin, eta oso gustura gelditu ginen emaitzarekin. Beraz, 60 musikari baino gehiagorekin batera lan egiteko aukera izateari ikaragarri irizten genion. Arazoa zen urtebete lehenago hitzartu behar genuela dena, eta "You know who you are" diskoaren grabazioan murgilduta genbiltzan garai hartan.
Zorionez, Calexicoko gure adiskideek antzeko kontzeptu sinfoniko batean ibiliak ziren, eta Martin Wenk tronpeta-jotzaileak beraiei moldaketak egin zizkien konposatzailearekin harremanetan jarri gintuen. Gainera, Martinek errepertorioa zein kantuk osatuko zuten aukeratzen ere lagundu zigun, nahiz eta kantu batzuk, "The fox" esaterako, argi geneuzkan; hari tresnetarako konponketak dauzka berez kantu horrek, eta, gainera, gainean geneuzkan AEBko hauteskundeekin lotuta daude hitzak. Hondamendi ederra utzi dute bozek, bide batez.
"Popular" egongo zen, bada, errepertorioa osatzeko hautagai horien artean….
Bai, bazegoen, baina azkenean ez genuen egin ez zitzaigulako iruditzen oso ondo gelditzen zenik. Zorionez, errepertorio oso zabala dugu, eta formatu sinfonikoari ondoen egokitzen zitzaizkien kantuak aukeratu ahal izan ditugu.
Lehen diskoa duela hogei urte atera zenuten, eta, "Peaceul ghosts" diskoko kantu zerrenda aukeratzeko, atzera begiratu behar izan duzue. Zein izan dira, zure ustez, zuen ibilbideko mugarriak?
Arrazoi duzu, "Peaceful ghosts" mugarria da gure ibilbidean. Erabateko pribilegioa izan da horren gauza garrantzitsu, polit eta serioa eskaini izana.
Soto batean jotzen hasi ginen, egiten genuena oso serio hartu gabe, Ric Ocasekekin lehen diskoa egin eta "Popular" kaleratu zen arte. Orduan, lanpostuak utzi behar genituela erabaki genuen.
Gero, Nada Surf orain garena Elektra diskoetxearekin borrokatu eta "Let go" hirugarren diskoa atera genuenean hasi zen gorpuzten. Ordutik aurrera, onuragarria iruditzen zitzaiguna egiten hasi ginen, unean uneko egoera gorabehera, aurrerago begira.
Aurretik ere etorri zarete Euskal Herrira. Zer oroitzapen dituzue zuen aurreko bisitetatik?
Donostian jotzeko gogo biziz gaude, irrikan. Askotan jo dugu Bilbon, Kafe Antzokian, eta Iparraldean, eta oraingoa Donostian emango dugun bigarren kontzertua izango da gutxienez.
Gainera, kontzertuaren biharamunean egun librea izango dugu, eta beste toki batera bidali nahi ninduten, baina esan diet ea zoratuta dauden, Donostia munduko hiririk politena dela eta egun librea han pasatu behar dugula.
Are gehiago, Mateo (Matthew Caws, gitarra eta abeslaria) eta biok Donostian egon gara aurretik, turista gisa, taldearekin zerikusirik ez zuen bidaia batean, eta ederto pasatu genuen: oso ondo jaten da, eguraldi ona egin zuen…
Hitz egiten ari naizela, gogoan dut Donostian jo genuen batean, baxu eta gitarra akustikoak eta kaxoi flamenkoa aldean hartuta gure lehenengo bira akustikoa egiten ari ginela, gertatu zitzaiguna. Aretora heldu ginen, eta gure aurretik jo zuen taldeak punkya, hardcore musikaren antzeko zerbait, egiten zuela ikusi genuen, burrunba batean ari zirela.
Beraz, haiek kontzertu basatia eman eta gero, beren tresnak, bozgorailuak eta bateria uzteko eskatu genien, guk ere formatu elektrikoan jotzeko. Azkenean, horrela egin genuen.
Oraingoan, kontzertua ohikoagoa izango dela uste dut, eta asko gozatuko dugu. Publikoak ere gozatzea nahiko nuke.
Donostiako kontzertuaren ostean, bira honen baitan, Frantziara joango zarete, eta Bataclan Parisko aretoan joko duzue abenduaren 2an. Zer aldarterekin joaten da orain musikari bat halako toki batera?
Oso sakona izango dela uste dut. Ospakizun bat da, ezkortasunaren aurka gure baikortasunaz borrokatu behar gara. Irekita borrokatu behar gara pentsamendu nazkagarri, arrazista eta fundamentalista horietan ixtea dakarren guztiaren kontra.
Egun horretan xanpain botila askotxo irekitzeko asmoa daukat, ezin baitiegu utzi halako ekintza arbuiagarri eta koldarren bidez ezer lortzen.
Non ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Nik Paco de Luciak bezala bukatu nahiko nuke: 20 urte barru hil nahiko nuke, 69rekin, pozik eta itsasertzean, maite dudan toki batean bizi naizela.
n bizi naizela.