Itxi

Bira

Labeque ahizpak eta EOS, frantziar errepertorioan murgilduta

eitb.eus

Leer en Castellano

Jun Märkl Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularrak gidatuta, errepertorio frantziarra errepasatuko dute pianista lapurtarrek eta orkestrak Bilbon, Donostian, Gasteizez eta Iruñean.

Katia eta Marielle Labeque. Argazkia: Umberto Nicoletti.

Jun Märkl errepertorio frantziarraren bere bertsioengatik nazioartean ezagun egin den maisua, EOSen zuzendari titularra, Katia eta Marielle Labeque ahizpa lapurtarrekin batera arituko da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren gidari, Bilbon (abenduak 5), Donostian (hilak 7), Gasteizen (hilak 12) eta Iruñean (hilak 13). Aditu askoren esanetan, munduko piano bikote entzutetsuena osatzen dute labequetarrek.

Francis Poulencek 1932an umorez beteriko estilo neoklasikoan idatzi zuen Bi piano eta orkestrarako kontzertua eskainiko dute lau emanaldietan, eta, horrekin batera, Camille Saint-Saënsen lana egongo da entzungai: Suite Algerienne (Iruñean eta Bilbon) eta Suite opus 49 (Donostian eta Gasteizen).

Horrez gain, Claude Debussyren Images lanetik ateratako bi partitura joko dituzte: Iberia triptikoa eta Rondes de Printemps, musikagileak Stravinskik bere Sagaratzea idatzi baino hiru urte lehenago bukatu zuen udaberriari eginiko oles kementsua.

Katia eta Marielle Labèque ahizpa lapurtarrek “ezin sailka daitezkeen bi pianista inkonformista” modura aurkezten dute beren burua, “kontraesan batzuk eta sorpresak ezkutatzen dituen” errepertorioa erabiltzen dutenak. Haien interpretazioetan musika estilo desberdinak nahasten dituzte, eta Bach, Brahms, Liszt eta Mozart klasikoetatik XX. mendeko “klasikoetara” egiten dute jauzi, Stravinski, Bernstein, Takemitsu eta Lutoslawski musikagileen lanetara, esaterako.

Gainera, beste estilo batzuetan ere barneratu dira beren ibilbidean, besteak beste, Sting, Madonna eta Kalakanekin batera ere aritu baitira.

Kontzertuak Euskalduna jauregian, Kursaal auditoriumean, Printzipal antzokian eta Baluarte auditoriumean izango dira, denak 20:00etan hasita.