Itxi

Uztailaren 1etik aurrera

Getxoko Jaialdia, jazz doinuekin gozatzeko udako lehen hitzordua

Erredakzioa

Charles Lloyd, Jerry Gonzalez & Fort Apache, Dave Douglas, Dee Dee Bridgewater eta David Sanborn izango dira Getxon, uztailaren 1etik 5era

Datorren ostegunean, uztailaren 1ean, hasiko da Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdia. Aurten 34.edizioa du Bizkaiko jazz jaialdirik ezagunenenak. Euskadiko jazz denboraldian lehen hitzordua dugu Getxokoa, baina zaleek kontuan hartzeko moduko hilabetea izango dute aurretik: uztailaren 11tik 17ra bitartean egingo da Gasteizko Jazz Jaialdia; Donostiako Heineken Jazzaldia uztailaren 21etik 25era bitartean izango da; eta Hondarribiako Blues Jaialdia, aldiz, uztailaren 8tik 11ra bitartean egingo dute.

Uztailaren 5a arte 20 emanaldi hartuko ditu Getxo Jazz 2010 jaialdiak. Charles Lloyd, Jerry Gonzalez Fort Apache, Dave Douglas, Dee Dee Bridgewater eta David Sanborn artista eta talde ezagunak izango ditugu entzungai bost egunetan zehar. Talde lehiaketa, ''Hirugarren Milurtekoa'' ataleko kontzertuak eta jam sessionsak dira beste proposamenetako batzuk.

Getxoko Biotz Alai plazan egingo dira kontzertu nagusiak eta talde lehiaketa, egunero gaueko 21:00etatik aurrera. ''Hirugarren Milurtekoa'' ataleko emanaldiak, bestalde, Algortako Geltokia plazan izango dira, 19:00etan. Urtero bezala, talde gazteek jazz musikari ekarpenak egingo dizkiote, beren freskotasuna erakutsiz. Algortako The Piper''s Irish Pub tabernan izango dira jam sessionsak, Biotz Alai plazako emanaldiak bukatu eta gero.

Programa

Jaialdiaren lehenengo egunean Charles Lloyd musikagilea izango da Getxon. Eskarmentu handiko saxofoi-jotzaile eta txirula-jotzailea, hirurogeiko hamarkadan nabarmendu zen Estatu Batuetan, bere laukotearekin jazz modernoaren eta garai horretan gorantz zihoan rock hippyaren zaleen arteko oztopoak gainditu zituenean.

Biharamunean, ostiralean, Jerry Gonzalez tronpeta-jotzailea arituko da Getxon, Fort Apache Band bere talde ospetsuarekin jazz latinoa lantzeko. 70eko hamarkadan nabarmendu zen Gonzalez, Afrikako eta Karibeko doinuen sustraietan sakondu eta erritmo horiek jazzarekin uztartzen hasi zenean.

Jazzaldiaren erdialdean, uztailaren 3an, Dave Douglas izango dugu Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdian. Bere belaunaldiko tronpeta-jotzaile eta musikagile ezagunenetako bat da Douglas, eta inprobisazioaren arloan nabarmendu da azken hamarkadetan.

Uztailaren 4an, igandean, egungo eszenan aurki dezakegun izen handienetako baten txanda izango da: Dee Dee Bridgewaterren txanda. Getxoko Nazioarteko Jazz jaialdia uztailaren 5ean bukatuko da, astelehenenean, David Sanborn saxofoi-jotzaile ospetsuarekin.

Albisteak (1)

Bideoak (1)