Itxi

20:00etatik aurrera

James Newton Howard zuzendaria Bilbon arituko da gaur, asteazkenarekin

Leer en Castellano

Oscar sarietarako zortzi aldiz izendatu duten konpositoreak Euskalduna jauregian eskainiko du kontzertua, Bilbo Arte Portua zikloan.

James Newton Howard bere soinu bandengatik Oscar sarietan zortzi aldiz izendatu duten zuzendari eta konpositoreak kontzertua eskainiko du abenduaren 7an, asteazkena, Bilbon, Euskalduna jauregian, Bilbo Arte Portua zikloan.

Europan aurten emango duen kontzertu bakarrean, kaliforniar konpositoreak Fernando Velazquez bizkaitarra (“El orfanato”, “Ocho apellidos vascos”, “Lo imposible” eta “Un monstruo viene a verme”) izango du lagun, baita BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea ere.

Kontzertuan, Newton Howardek bere lan klasiko ezagunenetako bat joko du, Europan lehenengoz, Biolinerako Kontzertua. James Ehnes birtuosoarentzat idatzi zuen, eta berorrek interpretatuko du, Fernando Velazquezek zuzenduta.

Besteak beste, Elton John, Barbara Streisand eta Rod Stewart musikari garaikideekin ere jo du Newton Howardek, baina kontzertu horrekin musikaren alderik “klasikoenean” ere ondo moldatzen dela utzi du agerian, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez.

Biolinerako kontzertu hori eskaini ostean, Newton Howard Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Bilboko Koral Elkartearen buruan jarriko da filmetarako egin dituen kantu ezagunenetako batzuk jotzeko. Hain zuzen ere, film hauen guztien musika entzun ahalko da: “Edurnezuri eta ehiztariaren kondaira”, “Gose jokoak”, “Basoa”…