Itxi

Uztailak 11-15

Ruben Bladesek Gasteizko jazz jaialdian abiatuko du agur bira

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Panamar musikari eta politikariak martxoaren 11tik 15era egingo den jazz jaialdian joko du, Arabako hiriburuan.

Ruben Blades panamar musikari eta politikariak Gasteizko Jazzaldian abiatuko du agur bira. Hain zuzen, uztailaren 11tik 15era egingo dute jaialdiaren berrogeigarren edizioa.

Bira honekin, ia berrogeita hamar urtez abeslari eta konpositore gisa egindako ibilbidea oparoa bukatutzat emango du Bladesek, ekoizpenean eta politikagintzan jarduteko. Denbora horretan guztian, 14 Grammy sari irabazi ditu, 25 disko baino gehiago grabatu ditu eta 35 pelikulatan baino gehiagotan aritu da Blades.

Jaialdiaren azken egunean joko du Bladesek Gasteizen, uztailaren 15ean, eta, haren emanaldiaren aurretik, “Woman to Woman” zazpi emakume batu dituen proiektuaz gozatzeko parada egongo da: Renee Rosnes pianista, Noriko Ueda kontrabaxua, Allison Miller bateria, Ingrid Jensen tronpeta, Anat Cohen klarinetea, Melissa Aldana saxofonista eta Cecile McLorin Salvant abeslaria.

Lau egun lehenago hasiko da jazz jaialdia, halere, uztailaren 11n, asteartearekin, eta The Brown Sister Chicagoko taldeak emango du aurreneko kontzertua.

Asteazkenean, hilak 12, Robben Forden gitarraren txanda izango da: gitarristaren blues, jazz eta rock nahasketa entzun ahal izango da, eta Larry Carlton lau Grammy sariren irabazleak ere joko du.

Aurten, jazzaren bi izar omenduko dituzte Gasteizen. Lehenengo ekitaldia ostegunean izango da, hilaren 13an, eta Thelonious Monk gogoratuko dute horretan. Lehen zatian, 1982an hildako musikariaren jo zuten lau pianistak joko dute: Kenny Barron, Cyrus Chestnut, Benny Green eta Eric Reed.

Gauaren bigarren zatian, TS Monk semeak berak joko ditu aita zenaren doinuak, seikote batek eta Nnenna Freelon kantariak lagunduta.

Ella Fitzgerald newyorktar abeslaria izango da bigarren omenaldiaren protagonista. 1982 eta 1983. urteetan Gasteizen zuzenean ikusi zutenek orduko kantu horiek gogoratu ahal izango dituzte uztailaren 14an, oraingoan Patti Austinen ahotan.

Horren aurretik, Mendizorrotzako agertokiak hari tresnak jotzen dituzten musikarien luxuzko hirukotearen bisita hartuko du: Jean Luc Ponty, Biréli Lagrène eta Kyle Eastwood.

Hasier Oleaga, XXI. mendeko Jazza sailean

XXI. mendeko Jazza atalak artista berri interesgarriak eramango ditu Printzipal Antzokian, eta uztailaren 11n, esaterako, Hasier Oleaga euskal herritarrak eta Jorge Rossy katalanak joko dute.