Hamar kontzertu
Musika klasikoa eta egungo doinuak, Gasteizko Bernaola Bero jaialdian
Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak antolatuta, abuztuaren 13tik irailaren 9ra bitartean izango dira emanaldiak Arabako herrialde ezberdinetan. Besteak beste, organo kontzertuak izango ditugu entzungai.
Arabako Foru Aldundiak adierazi duenez, proposamenak asko izango dira, baina oinarria berdina izango da kasu guztietan: ''''musika jasoa''''. Organo zikloaren XXV. edizioa egingo da jaialdi honen baitan ere. Arabako organo historikoen eskutik, ''''instrumentu honek emandako errepertorio luzeaz gozatzeko aukera izango dute zaleek'''', arduradunek gogoratu dutenez.
Musika jasoaren atalean, Pergolesiren ''Stabat Mater'' lana azpimarratu dute antolatzaileek. ''''Musika barrokoaren barruan pieza kuttuna da'''', gogoratu dute. Egungo musikaz gozatzeko Sinkro Ensemble taldea izango da jaialdian, musika eta dantza uztartuko dituen proposamen berezi batekin.
Kontzertuak Arabako leku berezietan egingo dira: Arabar Errioxako Parrokiak, Gasteizko Santa Maria katedrala edo Añanako Gatz Harana, besteak beste.
Antonio Cabezon konpositore eta organistak toki nabarmena izango du aurtengo programan, Arabako organo munduaren ondareari egindako ekarpena eskertu eta bere jaiotzaren 500.urteurrena ospatzeko. Gainera, Zuriñe Gerenabarrena Gasteizko konpositoreak azken lana estreinatuko du, aurrerantzean Katedraleko Artxiboan egongo den pieza.