Itxi

Donostian

Costellok eta Kristoffersonek elkarrekin itxi dute Jazzaldia

Erredakzioa

Bi abeslariak elkarrekin aritu ziren Trinitate plazan. Emanaldiak ezustean harrapatu zituen ikusleak.

Ateak itxi ditu jada Donostiako 2010eko Heineken Jazzaldiak, eta country doinuak izan dira igandeko izar nagusiak. Estilo honetako bi ordezkari handi izan ditugu Donostian, eta sorpresa ere eskaini dute azken emanaldi honetan: Kris Kristofferson musikagile eta country abeslaria eta Elvis Costello Britainia Handiko musikaria entzuteko aukera izan da Trinitate Plazan, eta musikariek elkarrekin itxi dute aurtengo Jazzaldia.

Gaueko 21:00etan hasi zen Estatu Batuetako abeslariaren emanaldia, eta ondoren igo ziren taula gainera Costello eta The Sugarcanes taldeko sei kideak. Bertara gerturatutakoak britainiarren bisak entzuteko prest zeudela, Costellok Kristofferson deitu zuen taula gainera. Bi musikariak elkarrekin aritu ziren orduan.

Bestalde, Kursaaleko Auditorium aretoak aurtengo edizioaren azken emanaldia hartu du: Jessye Norman afroamerikar sopranoa izan da eszenatoki gainean. Azken egunetan bezala, Boulevardeko kioskoak, Nautiko Terrazak, Frigo Espazioak eta Heineken Karpak jazza eta DJen zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte.

Izen handiak

Jaialdiak "giro desberdin anitz" bilduko zituela azpimarratu zuten antolatzaileek aurkezpenean, "betiko ikusleak eta publiko berria erakartzeko asmoz". Hala izan da bost jardunalditan zehar. Igaro den asteazkenean jaialdiari hasiera eman zion Patti Smith rock emakumeak. Elvis Costelloren eta Kris Kristoffersonen country doinuak, ekarri dute Donostiara jaialdiaren musika estilo aniztasuna. Jazz sailari dagokionez, Portico Quartet, Wadada Leo Smith, George Benson, Stanley Clarke, Dave Holland, Archie Shepp eta Ron Carter kontrabaxu-jotzailea artisten emanaldiak izan ditugu entzungai. Carter estabatuarrak, gainera, 2010eko Donostiako Jazzaldia Saria jaso du, Miguel Martin jaialdiaren zuzendariaren eskutik.

Aurtengo edizioak, gainera, elementu berri bat ekarri du: Kontzertu Sorpresak. Aurreko eguneko gaueko hamabietan egitarauaren isilpeko artisten izenak ezagutzera emango dira, jaialdiaren Facebookeko eta Twitterreko sare sozialen bitartez. Zalantza argituta, Giorgio Basmati, Vijay Iyer, Sweet Billy Pilgrim eta Pájaro Sunrise igo dira eszenatokira.

Albisteak (4)