Jazza
Pharoah Sandersek John Abercrombie ordezkatuko du Getxoko Jazzaldian
Agentziak | Erredakzioa
Ekainaren 29an izango da kontzertua, Bizkaiko udalerriko jaialdian. Abercrombiek bertan behera utzi du iragarritako kontzertua, osasun arazoak direla eta.
Pharoah Sanders jazzaren abangoardiako saxofoi-jotzaile ezagunenetarikoa Getxoko Jazzaldian izango da ekainaren 29an. Sanders John Abercrombieren ordez ariko da, gitarra-jotzaileak bertan behera utzi baitu Getxon egun horretan eskaini behar zuen saioa, osasun arazoak direla eta, Getxoko Jazzaldiaren arduradunek iragarri dutenez.
Pharoah Sanders (1940, Little Rock, Arkansas, AEB) rhythm & blues bandetan jotzen hasi zen musika profesionalean. 1950eko hamarkadaren amaieran Kaliforniara joan zen bizitzera, eta bertan, 19 urte baino ez zituela, artista ospetsuekin jotzen hasi zen; Sonny Simmons, Dewey Redman eta Philly Joe Jonesekin, besteak beste. 1962an, New Yorkera joan zen, eta laster nabarmendu zen free jazz estiloaren abangoardiako musikarien artean.
Gerora, Charles Moffettekin, Ornette Colemanekin eta John Coltranerekin jo du.
Getxoko Jazzaldirako sarrerak maiatzaren 2an jarriko dituzte salgai.