Euskal Barrokensemble
Enrike Solinis antzinako musikan adituak Manuel de Falla omendu du
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Barrokensemble Enrike Solinis gitarrista buru duen taldeak El amor brujo. Esencias de la música de Manuel de Falla diskoa kaleratu du.
Euskal Barrokensemble antzinako musikako euskal taldeak El amor brujo. Esencias de la música de Manuel de Falla diskoa kaleratu berri du, ohi bezala, Enrike Solinis gitarrista buru duela. Jordi Savallen, musika mota honetako erreferente garbienetako baten, diskoetxeak merkaturatu du lana.
Diskoko 14 kantuetan, Enrike Solinis bilbotarrak eta Euskal Barrokensemblek Fallaren kantuak jotzen dituzte, noski, baita Scarlatti napolestarrarenak eta Cadizko konpositoreak miresten zituen beste hainbat maisurenak, Joaquin Rodrigorenak eta Andaluziako musikaren hatsarreak eraiki zituzten beste hainbat musikagilerenak ere.
Maria Jose Perez kantariaren ahotsa lagun, hamar musikarik antzinako tresnak jotzen dituzte (biolin barrokoa, biolonea, tronboi lerragailuduna eta lira, besteak beste), Enrike Solinis gitarra eta lavta laut otomandarra jotzen buru dela. Solinisek berak eta Miren Zeberio biolinistak ekoitzi dute diskoa.