Itxi

Uztailaren 28tik aurrera

Bost kontzertu, Arabako 32. Organo Jaialdian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ostiralean, hilak 28, hasiko da kontzertu errenkada, Gasteizen, eta Villabuenara, Agurainera, Oionera eta Moredara ere helduko da.

Agurainera abuztuaren 10ean iritsiko da jaialdia

Arabako Organo Jaialdiak 32. edizioa egingo du aurten, eta bost kontzertu antolatuko ditu lurraldeko zenbait elizatan. Lehen saioa ostiralean izango da, uztailaren 28an, Gasteizko Karmengo komentuko elizan, eta azkena abuztuaren 12an, Moredan.

"Organo jaialdiak duen arrakasta ikusirik, betebeharra zen guretzat formatu beraren aldeko apustuari eustea. Iaz sendotu genuen gure asmoa, alegia, organoa duten herrigune batzuen eta besteen artean banatzea emanaldiak, jaialdiak ahalik eta zabalkunderik handiena izan zezan, eta bete dugu jomuga hori, beste bi herri sartu baititugu aurten antolatu ditugun bost kontzertuen artean", Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak adierazi duenez.

Horrela, zikloa ostiralean hasiko da, uztailaren 28an, Jose Santos de la Iglesia jaialdiaren zuzendariak berak Gasteizko Karmengo komentuko elizan eskainiko duen emanaldiarekin. "Barrokoa eta Erromantizismoa Alemaniako organo tradizioan" izeneko programa eskainiko du.

Abuztuaren 9an, Villabuenara joango da zikloa, eta Miquel Gonzalez arituko da bertan. Hurrengo egunean, abuztuaren 10ean, Jesus Gonzalo ariko da musikari, Agurainen, eta abuztuaren 11n, Oiongo Santa Maria elizan, Loreto F. Imazek organoan duen maisutasuna erakutsiko du. Jaialdia bukatzeko, abuztuaren 12an, David Largo Palentziako katedraleko organo-jotzaile eta Segoviako Musika Kontserbatorio Profesionalean organo irakaslea arituko da organoan, Moredako elizan.