Itxi

NAZIOARTEKO JAIALDIA

La Pamplonesa bandak nazioarteko jaialdi batekin ospatuko du mendeurrena

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Programaren barruan kontzertuak, azoka bat eta konbentzio bat daude.

La Pamplonesa banda, sanferminetan. Argazkia: La Pamplonesaren Facebook profila

La Pamplonesa musika bandak 2019an ospatuko du bere mendeurrena, eta kontzertuak, azoka bat eta konbentzio bat jasoko dituen nazioarteko jaialdia prestatu du horretarako ekainaren 12tik 16ra. Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Jose Andres Palacios La Pamplonesa Iruñeko Musika Banda Kultur Elkartearen zuzendariak aurkeztu dute kontinente guztietako musikariak Iruñera erakartzeko ekimena.

Programak eskaintza zabala izango du: kontzertuak Baluarten eta Gaiarre Antzokian, kaleko emanaldiak, 40 banda baino gehiagoko desfileak, musika banden laguntzaileen azoka eta bandei buruzko nazioarteko adituen hitzaldiak eskainiko dituen biltzarra.

Bestalde, sektore honek Nafarroan duen indarra ezagutzera emateko aukera emango du, izan ere, 70 banda eta 15.000 ikasle baino gehiago dituzten 80 musika eskola daude bertan. Horiekin batera, ‘Pablo Sarasate’ Musika Kontserbatorio Profesionala eta Nafarroako Goi Musika Kontserbatorioa daude Iruñean.

Aldi berean, Iruñearen irudia zabaltzeko eta hirira bisitariak ekartzeko erabiliko da, horrela turismoa eta horrek komertzio eta ekonomia lokalean dituen ondorioak handitzeko.

KONTZERTUAK KALEAN, GAYARRE ANTZOKIAN ETA BALUARTEN

Jaialdia 2019ko ekainaren 12an, asteazkenean, hasiko da, Gayarre Antzokian, eta arratsalde horretan bertan hartuko du lehen kontzertua. Hilaren 13an (osteguna) desfile txiki bat eta kontzertu bat egingo dira Baluarten, eta musika emanaldiak gauean. Ostiralean eta larunbatean, musika laguntzaileen azoka eta nazioarteko adituen hitzaldiak izango dira.

Ekintza horiez gain, kaleko emanaldiak, desfile handi bat, Gayarre Antzokian beste kontzertu bat eta gaueko bi musika saio egingo dira. Bukatzeko, hilaren 16an (igandea) kontzertuen ostean, kalean, Gayarre Antzokian eta Baluarten egingo dituzten emanaldiekin esango dute agur bandek.

HITZARMENA UDALAREKIN 2036. URTERA ARTE

Iaz Udalak hitzarmen bat sinatu zuen La Pamplonesa bandarekin 2036. urtera arte sanferminetan abesten diren Manuel Turillasen partituren esklusibotasuna dutelako.

Gainera, beste jaialdi batzuetan hartzen dute parte, adibidez, Errege egunean, Ostiral Santuko prozesioan edo Santa Zezilia eta San Zernin edo San Saturnino egunean. Bestalde, 20 kontzertu inguruko zikloa ematen du urtero irailean hasi eta sanferminen aurreko asteetaraino.

20 urteetarako hitzarmenak guztira 20.624.832 euro ematea aurreikusten du, eta instrumentuak erosi eta mantentzeko, kontzertuak egiteko behar diren materialak eta jantziak eta apaingarriak erosteko eta kontserbazio gastuak finantzatzeko erabiliko dira.

Sortu zenetik, udalaren menpeko banda da, izan ere, gauzatzen dituen aktibitate asko Iruñeko Udalaren festen eta kultura eskaintzaren parte dira. Udaletxeak Iratxeko Monasterioaren kaleko udal lokaletako gelak uzten dizkio bandari, eta baita bertako materiala ere.

La Pamplonesa 1919ko irailaren 24an sortu zen eta 50 pertsona ditu (% 60, musikan goi-tituludunak), baina 5 musikari gehiago hartzen dituzte, musika programak eskatzen duenean. Musikariak oposizioen bidez sartzen dira bandan, eta kontratua indarrean dagoen bitartean profesionalak % 96 izatera iristea espero dute.