“Infrasoinuak”
Berri Txarrak, azpiratutako soinuak azaleratzen
Natxo Velez | eitb.eus
Hirukoteak Infrasoinuak bederatzigarren diskoa kaleratu berri du, Bill Stevenson ekoizlearen esanetara AEBn grabatutako punk rockeko disko melodiko eta bat-batekoa.
Ibilbidea sendotzeko tartea izan duen talde bati buruz esan daitekeen onena da soinu bereizgarria lortu duela, identifikagarria dela, eta, Berri Txarraken inguruan ari garela, zalantza izpirik gabe baiezta daiteke hori. Musikaren unibertso miragarriak eskaintzen dituen erritmo, melodia eta harmonia aukera guztietan igerian, bere mikrokosmosa eraiki du hirukoteak; zalea etxean da Gorkaren gitarra kolpe kiriotsu eta melodia gustagarrien, Galderren bateria kolpe sendoen eta Daviden baxu noiz harrizko noiz jostarien (?Zaldi zauritua? eta ?Sed lex?, esaterako, horren adibide) altzoan.
Infrasoinuak beste urrats bat da orain arte metalak, punk rockak eta popak zedarritutako ?musikarekin hitz hori erabiltzerik badago? bide horretan; zein bere garaian Jaio.Musika.Hil eta Denbora da poligrafo bakarra lanak taldearen ibilbidean jauzia izan zirela esan badezakegu, azken diskoa pausoa dela baieztatu dezakegu. Aurrerapausoa, nolanahi den, atzera begiratzea atsegin ez duen talde bati dagokionez.
Jario handiko diskoa
Coloradon, The Blasting Room estudioan, Bill Stevenson musikari (Black Flag, Descendents) eta ekoizlearen (Rise Against, Propagandhi, Lagwagon?) gidaritzapean grabatutako hamar kantuek jario handiko diskoa osatzen dute, soinu ekoizpen bikainekoa hasi eta buka.
Melodiak gidatuta (azkenaldiko beren lanik melodikoena da), naturaltasun handiz lerratzen da entzulearen belarritik bihotzera kantu segida. ?Dardararen bat? kantuan gitarra soil baten doinu konstanteak eta Gorka Urbizuren ahotsak abiatzen duten elur bola geldiezina etengabe mamitzen dute diskoan zehar hemen bateria erritmoek, hor baxuaren jostetek eta han, batik bat, lelo itsaskorrek.
Punk rocka eta popa, nagusi
Leloon azpitik, metalaren ertza aurreko bi lanetan (Ross Robinsonen ekoizpenak) baino apur bat kamutsago ageri da taldearen musika proposamen hirukoitzean. Punk rocka (Stevenson ekoizlearen lurralde naturala) eta power popa (Weezerren oihartzunak argiak dira ?Beude? kantuan, adibidez) dira nagusi hogeita hamar minutuko lanean, zeinetan rocka, stonerra (Queens of the Stone Ageren gitarra inarrosaldiak suma daitezke ?Hozkia?n) eta Policeren ukituko konponketa reggae labur bat ere (?Spoiler!? itsaskorra) sartzen baitira.
Hitzei helduz, maisu aritu da Urbizu beste behin ere, egia potoloetatik ihesi, entzuleari hausnarketarako leihoak zabalduta eta berunezko hitzak melodia gozoetan ezkutatuz: ??eta zer dugu eskaintzeko/ez bada beste inon egoteko gogoa/eta erakuskeria hau/ez bada lekuko izateko kondena/epaia ezagun denean?.
Hirukoak argitu du, beraz, Denbora da poligrafo bakarra lanean hiru bidezidor argi irudikatu eta gero, nondik jo duen, eta disko zuzenago bat aurkeztu du, bat-batekoagoa. Asian hasiko dute aurkezpen bira, eta datorren urtean entzun ahalko ditugu kantu berriok aurrenekoz zuzenean Euskal Herrian; martxoaren 17an, BECen, hain zuzen.