Itxi

Ez Dok Fest

Belako: 'Aldatzen joatea gustatzen zaigu'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Mungiarrek otsailean argitaratu zuten ‘Render me numb, Trivial Violence’ diskoa, eta, Euskal Herrian eta Estatuan aurkezten ibili eta gero, ostiralean Ez Dok Fest Eibarko jaialdian arituko dira.

Ostiralean joko du Belakok Ez Dok Festen, Eibarren

“Hamaika ertz ditu Belakoren izaerak”: sarritan entzun edo irakurri dugu esaldia, baina egia biribila da, eta horren erakusgarri da denetariko jaialdietan taularatzen dutela bere zuzeneko paregabea, nola Two Door Cinema Club edo Nick Cave laguntzen hala Queens of the Stone Age-rekin edo Liam Gallagherrekin batera.

Izaera zabal eta sakon horren erakusgarri, ostiralean, ekainak 1, Eibarren arituko dira mungiarrak, Ez Dok Fest rock jaialdiko lehen gauean Unbeko kirolgunean bildutakoei beren zuzenekoa guztion ahotan zergatik dagoen erakusten. Publikoak bertatik bertara ikusiko du zergatik fitxatu dituen United Talent Agency Londresko agentziak, Muse, Placebo edo Pink Floyden kontzertuak kudeatzen dituen enpresak, nazioarteko birak egiteko.

Lander bateria-jotzailearekin hitz egin dugu, taldearen egoeraz.

Badira hilabete batzuk “Render me numb, Trivial Violence” argitaratu zenutenetik. Zelako iritziak bildu dituzue? Uste duzue jendeak bereganatu egin duela batik bat hitzetan eman duzuen aurrerapausoa?

Egia esan, oso pozik gaude jendeak izan duen erantzunagatik; dirudienez, mundu guztiari gustatu zaio! Orokorrean, soinu zatarra eta indartsua aipatzen du jendeak, baita kanten arteko desberdintasun handia ere, guregan ohikoa den moduan.

Letren aldetik ere, oso nabaria da aldaketa bat egon dela: disko honetan, gaur egungo injustizia eta biolentzia desberdinak salatzen ditugu. Jendeak horiek ere ondo hartu dituela dirudi.

Aste batzuk daramatzazue diskoa zuzenean aurkezten. Zer moduz uztartu dira kantu berriak errepertorioan? Zertan aldatu dira zuen kontzertuak?

Zentzu horretan ere, oso pozik gaude. 2017an egin genuen mundu biran, kantu berriak probatzeko aukera izan genuen eta oso ondo etorri zitzaigun errepertorioak egiteko. Bestetik, teklatuak kendu egin ditugu zuzenekoetan, eta Cris lasaiago dago “soilik” abesten.

Horrez gain, orain ez gara kokatzen agertokian laurak lerro berean, lehen bezala. Hala ere, hori guztia ez da seguruenik definitiboa izango... Arlo honetan ere, aldatzen joatea gustatzen zaigu.

Denetariko jaialdietan jotzen duzue, ikuspegi elektroniko eta popagoa dutenetatik hasi eta rock jaialdietaraino, Ez Dok Fest bezala. Kontuan hartzen duzue non ari zareten errepertorioa aukeratzeko orduan?

Ez gehiegi, baina zertxobait aldatzen dugu errepertorioa, jotzen dugun tokia edota ordua kontuan hartuta. Baina gu geu izaten saiatzen gara beti. Hala ere, beti gustatzen zaigu sorpresatxoren bat izatea eta jendeak espero ez duen zerbait egitea, adibidez.

Zein talde ikusi nahi duzue Eibarko jaialdian? Zein kontzertu ez duzue galduko?

Gustatzen zaigun talde pila bat dago jaialdian, baita lagun mordoa ere! Ez dakit denborarik izango dugun talde guztiak ikusteko, baina ahal duguna egingo dugu. Toundra, Joseba B. Lenoir, Vulk, Nerabe...

Gure eguneko talde guztiak ikusiko genituzke, pozik! Eta ezin badugu, zerbeza batzuk hartuko ditugu eurekin behintzat.

Hemendik aurrera, zer? Zer duzue aurretik? Besteak beste, hiru kontzertu egingo dituzue Finsbury Parken, Londresen, Two Door Cinema Clubekin, Liam Gallagherrekin eta Queens of the Stone Agerekin…

Bada, bai, Estatuan joko ditugun kontzertuez gain, Porto eta Londrestik pasatuko gara. Udan ere kontzertu eta jaialdi mordoa dauzkagu, baina, beti bezala, atzerrian daukagu burua... Laster emango dugu honen berri, baina, ematen duenez, bira polita aterako zaigu kanpoan!

*Elkarrizketa egin eta gero, Belakok 2018an egingo dituen kontzertuen zerrenda iragarri du.

Ekainak 1, Eibar, Ez Dok Fest

Ekainak 6, Sevilla, Nocturama

Ekainak 9, Porto, NOS Primavera Sound

Ekainak 16, Donostia, Anoetako kiroldegia

Ekainak 22, Viana, Mugacu Fest

Ekainak 29, London + Liam Gallagher, Finsbury Park

Ekainak 30, London + Queens Of The Stone Age, Finsbury Park

Uztailak 1, London Community Festival, Finsbury Park

Uztailak 7, Manila, XXXX Club

Uztailak 9, Quezon, Bang Kong

Uztailak 14, Bartzelona, Cruilla Festival

Uztailak 20, Biarritz, Biarritz En Été

Uztailak 26, Benidorm, Low Festival

Uztailak 27, Mundaka, Mundaka Festival

Irailak 15 / irailak 25, Erresuma Batua + Italia + Alemania

Irailak 27, Córdoba, Hangar

Irailak 28, Granada, Copera

Urriak 5, Gijon, Albeniz aretoa

Urriak 18, Mexiko Hiria, Indie Rocks

Urriak 20, Guadalajara (Mexiko), Tbc

Abenduak 5, Madril, La Riviera

Albisteak (3)