Itxi

Ez Dok Fest

Dead Bronco: 'Dena hankaz gora jartzeko gogoz gatoz, nire % 110a bermatuta dago'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Matt Horanen taldearen bertsio berriak, taldekide guztiak aldatuta, Ez Dok Fest Eibarko jaialdian joko du ostiralean, ekainak 1.

Dead Bronco Matt Horan estatubatuarrak Getxon sortutako country taldea hil egin da, goitik behera aldatuta berpizteko. Aurreko formazioarekin hiru disko luze kaleratu eta Europan hainbat bira egin eta gero, Horanek taldearen proposamen musikala irauli du laguntzen dioten musikari guztiak aldatuta, eta Americana Sludge izenaz bataiatu du punka, metala eta estatubatuar musika tradizionalaren arteko bere nahasketa berritua.

Aktorea ere baden Horan abeslariarekin hitz egin dugu, Europako biran murgilduta dagoela, gogo beroz azal diezagun Dead Bronco taldearen proposamen berria, zeina Driven by frustration diskoan bilduta baitago.

<a href='http://deadbronco1.bandcamp.com/album/driven-by-frustration' _mce_href='http://deadbronco1.bandcamp.com/album/driven-by-frustration'>Driven By Frustration by Dead Bronco</a>

Taldea Eibarren arituko ostiralean, Ez Dok Fest jaialdiaren lehen jardunaldian, Belako, Toundra, Nerabe, Joseba B. Lenoir, Jardin de la Croix, Viva Belgrado eta Vulkekin batera.

Driven by frustration lanak aldaketa handia ekarri dio taldeari, soinu aldetik zein formazioari dagokionez. Zer moduz dago Dead Bronco gaur egun?

Dead Bronco hil egin da, eta Satanasek berpiztu du. Bete-betean asmatu dugu aldaketa eginda: proposamen originala da, arima du. Nik ez dut parekorik ikusi, ez musikari ezta showari dagokionez ere, eta batura ikaragarria da.

Dead Broncoren osasunak ehuneko ehunean jarraitzen du. Ni oso zorrotza naiz, eta badakit zer nahi dudan: ez daukat batere arazorik muturreko beste aldaketa bat egiteko, egoerak hala eskatzen badu.

Bizimodu hau aukeratu dut, eta beti saiatuko naiz kalitatea eta zintzotasuna ematen Dead Bronco izena duen orori.

Europako biran lehendik ezagun zenituzten herrialde batzuetara joan zarete, Alemaniara, Frantziara eta Herbehereetara, esaterako, eta Suedia, Danimarka eta Serbiara ere iritsi zarete. Zer moduz doa?

Oso ondo, egia esan. Dirudienez, jauzi handia eman dugu Suedian, eta gauza handiak prestatzen ari dira bertan. Ni pozarren nago, asko maite baitut herrialde hori.

Berriz bisitatu ditugun herrialdeetan, hazten doaz publiko kopurua eta areto zein jaialdien kalitatea. Inguru horietan atsegin dute metala, eta jende asko utzi dugu ahoa bete hortz. Seinale ona da.

Harrera ona eduki duzue?

Bai, nahiz eta arazo batzuk eduki ditugun publizitate faltagatik. Dead Broncok ez du jadanik countrya egiten, Americana Sludge egiten dugu, eta estilo hau ez da egokia ez garbizaleentzat ezta jende itxiarentzat ere.

Punka, metala eta dooma atsegin badituzu, honek zoratu egingo zaitu. Gustuko dut aretoa erabat beterik dela, bi kantu jo eta publikoaren erdiak alde egitea. Nigatik, ederto: gelditzen direnak interesatzen zaizkit niri, eta sekula ikusi ez duten moduko kontzertua emango dut.

Badakit musika estilo hau ez dela masarentzat egokia, baina zoriontsu egiten nau, eta oso berezia da norbaitek esaten didanean kontzertu batean zerbait sentitu duela edo hitzetan bere bizitza osoa islatu dudala. Horregatik nago negozio honetan.

Zer kontzertu eskainiko duzue Ez Dok Festen?
Pertsona bakarrarentzat edo hogei mila lagunentzat eman ohi duguna. Dena hankaz gora jartzeko gogoz gatoz, nire % 110a bermatuta dago.

Zer espero behar du zuen kontzertura bertaratzen denak?
Energia maila handiko showa, umore eta sakontasuna dituena. Ikusi beharreko zerbait da.

Zer beste talde ez dituzue galduko egun horretan?
Izen batzuk ezagutzen ditut, baina, egia esan, ez dut beren musika ondo ezagutzen. Birra bat eskuan dudala topatuko nauzu, kontzertu guztiak ikusten.

Zer plan ditu Dead Broncok?
Munduan bukatzen dudan arte jarraitu. Choo choo train hau ez da gelditzen!

Albisteak (2)